-Aitzurlariak
Lehen aldiz jokatuko dute lehiaketa bat
DONOSTIA
Lehen aldiz jokatuko dute aitzurlarien lehiaketa ofizial bat. Aitzurrarekin enborrak mozten aspaldi hasi ziren, eta badira 30 urte, gutxienez, Euskal Herriko plazetan Nafarreteko Ezkerraren eta Ugarteburu I.aren arteko demak ikusten direla. Beti, ordea, erakustaldi moduan egiten zen zerbait zen.Gaur egun ere, dezente dira enborrak aitzurrarekin mozten dituztenak, baina Arabako Federazioa izan da kirol hau ofizial bihurtu duen lehena. Arabako Txapelketa etzi jokatuko dute Araian, 18.00etatik aurrera. Hasieran lau ziren izatekoak, baina azkenean hiru lehiatuko dira, eta han jakingo da, kirol honetako lehen txapel ofiziala nork jasoko duen. Honako kirolari hauek hartuko dute parte: Velez de Mendizabalek, Lopezek eta Ruiz de Aretxabaletak. Kirolari bakoitzak bi 45 ontzako eta bi 36 ontzako enbor moztuko ditu. Aitzurarrekin enborrak moztea aizkorarekin moztea baino zailagoa da. Hasteko, erreminta ez da aizkora bezalakoa, eta gero, aitzurrarekin lurretik moztu behar izaten dute. Epaiaren alde bat moztutakoan, enborrari buelta ematen diote, eta berriro ere lurretik mozten dute, aizkoran bezala gainean jarri gabe. Horregatik, aitzurrarekin aizkorarekin baino enbor txikiagoak mozten dituzte. Faboritoak aipatzerakoan, Fernando Velez de Mendizabal esan daiteke dela txapela janzteko hautagai nagusia. Kirolari hori herri-kirolen barnean diren kirolik gehienetan aritu da eta aritzen da. Aizkora, sega, trontza edo lasto-altxatzea dira egiten dituen beste kirolak, eta etzi aitzurlarien estreinako txapeldun ofizial bihurtu daiteke. Horretarako, ordea, beste biak menderatu beharko ditu, eta haiek ere garaipena lortzeko asmoarekin agertuko dira Araiako plazara.
|