UEUko ikastaroak Baionan hasi ziren atzo
BAIONA
UEUko ikastaroak tokiz aldatu dira eta Baionan izango dira aurrerantzean, Louis de Foix lizeoan. Guztira aste honetan 9 ikastaro emango dituzte, eta gaiak anitzak izango dira. Landuko dituzten atalak honako hauek izango dira: barre terapia, nazioarteko gaiak, psikomotrizitatea, harremanetarako trebetasuna, erreflexoterapia, espresio dantza, oreka emozionala, sagardoa eta yoga. UEU Ipar Euskal Herrian jaio zen 70eko hamarkadan, eta garaiko ekimena egunera ekarri nahi izan dute; horixe da aurtengo leloaren arrazoia, «Sustraia berpiztu!». «Urtez urte ikastaroen eskaria jaitsi egin da», Irati Iciar antolatzailearen esanetan, eta «eskaintzen denarekin asmatzea» ezinbestekoa da jendea erakartzeko. Eibarko ikastaroak arrakastatsuak izan dira antolatzaileen balorazioen arabera, eta Baionan antzeko zerbait lortzea espero dute. Ikastaroaren hasierako ekitaldia atzo izan zen goizeko 11.00etan, Louis de Foix Lizeoan, eta Kepa Altonaga irakasleak Jean Etxepare mediku lapurtarrari buruzko hitzaldi batekin eman zion hasiera. Batez ere profesionalei zuzenduta daude ikastaroak, eta haien izaera baldintzatu egiten du ezaugarri horrek: «Ikasleek lanean aplika ditzaketen teknikak edo ezagutzak banatzen saiatzen gara», esan zuen Iciarrek. Ezagutza osagarriaren izaera lortzen dute askotan ikastaroek. Barre terapiak jaso omen ditu matrikulazio gehien: «Baina beste filosofia batekin joatea eskatzen du, aste osokoa eta barnetegia delako». Ezinbesteko baldintzak dira arropa arrosa eta clown sudur gorri bat eramatea. Barrearen propietate terapeutikoak ezagunak dira, eta lagungarria da, esaterako, gaixotasunak uxatu edota sendatzeko.
|