Termometroak 30 gradu inguruan hiriburu guztietan
·Atzoko bero boladaren ostean, gaur freskotasun handiagoa espero da
Bero bolada latza izan zen atzokoa. Euskal hiriburu guztietan termometroak 30 gradura inguratu ziren eta batzuetan ondo pasatu zuten muga hori, Iruñean 36 gradura iritsi baitziren. Hala ere, adituek nabarmendu dutenez, gaurtik aurrera freskatzen hasiko dela diote zantzu guztiek.
DONOSTIA
Udan guztiz murgilduta gaude eta hondartzak jendez gainezka daude. Ez da gutxiagorako azken egunotako tenperaturak kontuan hartuta. Atzo goizean Euskal Herriko hiriburu gehienetan 30 gradutik gorako tenperaturak izan ziren; 34 Bilbon, 32 Donostian eta 35 Gasteizen. Ipar Euskal Herrian gauzak nahikoa antzera azaldu ziren, eta 32 gradu izan zituzten Baionan, 30 Maulen eta 27 Donibane Garazin. Iruñean izan zen atzoko tenperaturarik altuena, 36 graduraino ailegatu baitzen. Urtetik urtera eguzkiak gogorrago jotzen du, eta, horregatik, eguzkipean ibiltzeko aholku batzuk jarraitzea ezinbesteko bihurtu da. Eguzkitako krema beharrezkoak dira UVA eta UVB izpiak xurga ditzaten, eta azalean eragin kaltegarririk izan ez dezaten. Izan ere, azaleko gaixotasunak garatzeko aukera ugaldu egin da azken urteotan adituen esanetan, eta ozono geruzaren jausteak badu horretan zerikusirik. Eguerdiko orduetan eguzkiarengandik aldentzea gomendatzen dute; izan ere, gogorregia baita ordu horietan. Hala ere, eguzkia azalean nabaritzea oraindik dohainik den azken gauzetako bat da, eta, kontuz ibiliz gero, posible da arriskurik gabe egitea.
|