Uda da tradizionalki jendeak oporretara joateko hautatzen duen urtaroa. Atzerrira joan zein Euskal Herrian geratu, mendira joan zein hondartzara hurbildu, atseden hartzera zein abentura bila..., edozein aitzakia da ona hiritik aldendu eta eguneroko bizimoduari ihes egiteko. Gehienek ahalik eta urrutien joan nahi izaten dute, leku berriak ezagutzeko aitzakiarekin. Hala ere, maiz gure lurraldea ongi ezagutu gabe joaten gara kanpora. Inguruan badira leku berriak ezagutu eta bide batez, ongi pasatzeko aukerak: horietako bat da Zumaian eta Deban eskaintzen dutena.
Aurtengo udan gure lurraldeko txokoak beste ikuspegi batetik ezagutzeko parada eskaintzen dute Deba eta Zumaia inguruan. Kantauri itsasoak bustitzen dituen bazterrak miresteko itsasontziz egiteko ibilbide bat antolatu dute bi herri horien artean. Horrela, lehorretik ezkutuan geratzen diren interesguneetan barrena ibili ahal izango du bertara gerturatzen den orok.
Lehen aldia
Itsasontzi irteera horiek Zumaiako eta Debako Turismo bulegoek antolatu dituzte, Itxasjai enpresaren laguntzarekin batera. Aurtengoa da irteera horiek egiten diren lehen aldia. Bi udalerri horien artean bazegoen oinez egiteko ibilbide antolatua eta bide bera itsasoz egin zitekeela ikusita, itsasontzi irteera gidatuak prestatzeari ekin diote bi herrietako Turismo bulegoek, inguruko labar eta fauna itsastarra ezagutzeko. Ibilbiderako itsasontzi aproposa behar zela kontuan harturik, Turismo bulegoak Itxasjai enpresarekin jarri ziren harremanetan. Enpresa horrek itsasoarekin loturiko jarduerak antolatzen ditu, urpekaritza eta piraguismo ikastaroak, besteak beste, eta ekimen berria aurrera eramateko baliabide egokiak ditu. Turismo bulegoek proposatutako ideia gustatu eta horrela, Itxasjaik ere proiektuan parte hartzea erabaki zuen.
Debako Turismo Bulegokoek jakinarazi digutenez, aurtengo udarako zortzi irteera antolatu dituzte: uztailaren 2, 15 eta 29an, abuztuaren 5, 12 eta 26an, eta irailaren 2an eta 16an. Hala ere, horietaz gain, taldeentzako beste irteerak ere antola daitezkeela azaldu dute, betiere, «itsasontziaren eskuragarritasunaren arabera».
Ibilbideaz gozatzeko txartelak Debako eta Zumaiako Turismo bulegoetan daude eskuragai; 6-12 urte bitarteko gaztetxoek 5 euroren truke bidaiatu ahal izango dute eta helduek 8 euro ordaindu beharko dituzte. Itsasontzian joan daitezkeen bidaiari kopurua mugatua denez gero, izena aldez aurretik ematea komeni da bulego horietan bertan; jadanik egin dute lehen irteera eta itsasontzia beterik joan da.
Itsasoan aurrera
Zumaia eta Deba arteko itsasontzi irteerak ordubete irauten du eta txangoan biologo baten azalpenak izango ditu lagun bidaiariak. Gainera, gida txiki bat ere banatuko dute, ibilbidea eta inguruak dituen ezaugarriak zehazteko. Azalpenak eta gida bidaide direla, erraz ulertuko du itsasontzian doanak inguruak duen garrantzia.
Itsasontzia goizeko hamaiketan abiatzen da Zumaiako portutik eta zortzi kilometroko luzera duen kosta zeharkatzen du Debaraino iritsi arte. Kostalde horretan balio natural eta geologiko handiko parajeak izango ditu bidaiariak begien aurrean.
Inguru horretako altxor geologikoak ikusteko zenbait interesgune zehaztu dituzte ibilbidean. Horrela, Zumaiako kirol portutik abiatu eta Debako Lapari eta Santiagoko hondartzetara hurbildu arte, Aitzuriko badia, Elorrixako kalak eta Aitzuriko punta ezagutzeko parada izango da, besteak beste.
Jende asko espero dute antolatzaileek datozen egunotan eta ez da harritzekoa, inguru horretako parajeak beste modu batean ezagutzeko aukera eskaintzen baitu txangoak. Bertan geratu behar duenarentzat aukera bikaina, beraz.-
DONOSTIA