- Nafarroako herri kirol Txapelketak
Aizkolari gazteen artean, Larretxeatarrak onenak
DONOSTIA
Larretxeatarrak nagusitu ziren atzo Nafarroako gazteen aizkolari Txapelketan. Garikoitzek, Patxiren semeak, irabazi egin zuen, eta Oihanek, Donatoren semeak, bigarren atera zuen.Jendetza handia batu zen atzo ere Iruñeko Foruen enparantzan atzoko jaialdia ikusteko. Ekitaldian ekintza ugari egin zituzten, baina lehiaketa ofizialeko saioa bakarra izan zen atzo. Gazteen Nafarroako aizkolarien Txapelketan, bost gazte neurtu ziren, eta bakoitzak hiru 45 ontzako moztu behar zituen. Larretxeatarren borroka ikusi ahal izan zen hasieratik amaierara. Garikoitz eta Oihan, biak lehengusuak, pare-parean aritu ziren estreinako enborretan, baina azkenean Garikoitzek eraman zuen txapela, azkeneko enborrean aldea atera baitzuen. Bost minutu eta 46 segundo behar izan zituen bere lanak amaitzeko, eta Oihanek, berriz, 6 minutu eta 26 segundo. Erasun, Jimenez eta Saralegi sailkatu ziren atzetik. Atzoko jaialdiko beste proba erakargarria Nazabalen eta Larretxearen arteko dema izan zen. Bi aizkolari horiek kanako bat zeinek azkarrago bota zuten egin beharreko lana, eta azkenean Etxarrikoak lortu zuen garaipena. Hasieratik hartu zuen aurre, eta amaierara bitartean horri eusteko modua egin zuen. 11.10 izan zen haren denbora, eta minutu bat eta hamar segundo atera zizkion Larretxeari.
Aldaketak
Sanferminetako jaialdiek ez dute kexarik, eta gaur beste hiru lehiaketa ikusi ahal izango zirela iragartzen zen, baina txingen lehiaketak gaurtik biharrera pasatuko dira. Herrialdeko txingen Txapelketa jokatuko da, bai mutiletan baita nesketan ere, baina bihar. Mutiletan, oraingoz Igoak eta Larretxeak eman dute izena. Bakoitzak 50 kiloko txingak erabiliko ditu esku bakoitzean, eta ahalik eta metro gehien egitea izango da helburua. Patxi Larretxea da txapela lortzeko faboritoa. Nesketan, Iriarte eta Ariztegi dira orain arte izena eman dutenak. Horiek 25 kiloko txingak erabiliko dituzte esku bakoitzean. Gaur, motozerrako San Fermin Torneoa jokatuko dute, eta hor, Mariñelarena, Agerrea, Salvador eta Arruti neurtuko dira nor baino nor. Lau proba egin beharko ditu bakoitzak, eta punturik gehien batzen duenak irabaziko du. Gainera, Mieltxo Saralegiren eta Kañamares anaien erakustaldiak ere izango dira.
|