- Pilota (berezkoak)
Ezkurra I.a eta Ozafrain Arrangoitzeko finalean dira
DONOSTIA
Ezkurra I.ak eta Ozafrainek lortu zuten herenegun eguerdian Arrangoitzeko Torneoko finala jokatzeko txartela. Larretxea eta Etxeto zituzten aurrez aurre, eta amaieran 40 eta 22 erakusten zuen Bankakoaren eta Urruñakoaren alde.Ezustetzat har daiteke emaitza hori. Dirua Larretxearen eta Etxetoren alde agertzen zen, baina Ezkurra beteranoak eta Ozafrainek oso neurketa ona egin zuten, eta amaieran ongi merezitako garaipena eskuratu zuten. Atzean Patrick Ozafrain oso seguru aritu zen, erabat menderatu zuen Thierry Etxeto, eta aurrean Patrick Ezkurrak bere eskarmentua agerian utzi zuen kintzeak egiteko garaian. Garaipena eskuratu zuen bikoak hastapenetik bukaerara menderatu zituen aurkariak, eta beti aitzinetik izan zen. Larretxeak eta Etxetok beti gibeletik ibili behar izan zuten. Arrangoitzeko Torneoko finala datorren igandean jokatuko da, eta herenegungo irabazleek, Ezkurra I.ak eta Ozafrainek, lehen finalerdia irabazi zuten Ibarrola eta Kurutxari izango dituzte aurrez aurre. Hasieran inork uste ez zuen finala izango da, Ibarrolak eta Kurutxarik ere ezustean irabazi baitzien Sorhuet eta Ezkurra II.ari.
Kanboko Torneoa
Kanbon, bertako Torneoko lehen finalerdia jokatuko da etzi, 21.00etan hasita. Bertan, Karrikart eta Jeannots Duhau eta Olaizolaren aurka neurtuko dira. Azken horientzat bigarren partida izango da, pasa den ostegunean aurrekanporaketa bat gainditu behar izan zuten Ezkurra I.a eta Lanberten aurka. 40 eta 39 irabazi zuten, eta sasoian datozela erakutsi zuten. Karrikart-Jeannotsentzat, berriz, lehiaketa honetako estreinako norgehiagoka izango da.Txapelketa honetan amateurrak eta profesionalak nahastuta ari dira. Biko bakoitzean berezko bat eta amateur bat daude. EPB enpresaren helburua pilotari gazteak ikustea da, datorren udazkenerako lau edo bost pilotari fitxatzeko asmoa baitu, eta lehiaketa hauek horretarako erabiltzen ari da, pilotarien maila aztertzeko, alegia.
|