- Aitzurlariak
Arabakoa izan da lehenengo lehiaketa ofiziala
·Fernando Velez de Mendizabal da historiako lehenengo txapeldun ofiziala
DONOSTIA
Fernando Velez de Mendizabal da aitzurlarien lehen txapeldun ofiziala. Lupidanakoak herenegun jantzi zuen Arabako txapela Araian, han jokatu baitzuten herrialde horretako lehenengo finala. Lopez eta Ruiz de Aretxabaleta izan zituen lagun egun historiko horretan.Aitzurrarekin enborrak mozten aspalditik ari dira Euskal Herrian. Aspaldikoak dira Nafarreteko Ezkerraren eta Ugarteburu I.aren arteko demak, baina beti erakustaldi moduan egin izan dira, inoiz ez baita txapelketarik jokatu. Araban, azkeneko urte hauetan horren atzetik zebiltzan, eta azkenik herenegun gauzatu zen. «Urte batzuk badira txapelketa bat jokatu nahi genuela, baina hainbat arrazoirengatik ezin izaten genuen antolatu. Aurten, lauk eman genuen izena, baina azkenean hiruk jokatuko dugu finala», esan zuen txapeldunak. Hurrengo helburua, Euskal Herriko Txapelketa antolatzea litzateke, baina hori zailagoa ikusten du: «Ez da beste herrialdetan egiten. Herri-kirolaren plan estratejikoa aurkeztu zutenean, guk esan genuen hau hor sartzeko, baina ez ziguten kasu handiegirik egin. Hemendik aurrera ikusiko dugu zer gertatzen den», esan zuen. Herenegungo finalean bera zen faborito. Minutu bateko aldea ere izan zuen alde, baina azkenean bost segundogatik irabazi zuen: «Hirugarren enborra gogorra egokitu zitzaidan. Han minutu bat galdu nuen, eta asko zaildu zidan txapela», esan zuen Velez de Mendizabalek.
«Lehiaketak behar dira»
Lehenengo txapeldun ofiziala izatea ere polita zela onartu zuen: «Dudarik gabe, baina garrantzitsuena lehiaketa jokatzea zen, uste dut hori zela denentzat ederrena. Gero irabazita, oraindik ederragoa da». Fernandok aitzurraz gain, aizkora, sega, trontza, lasto-altxatzea, lasto jaurtitzea eta ingudea ere egiten ditu, Araban, herri kiroletan dabiltzan gehienek denetik egiten baitute. Aizkorarekin edo aitzurrarekin enborra mozteko garaian dagoen aldeaz hitz egin zigun. «Ikasiz gero, ez dut uste zaila denik ez batekin ez bestearekin. Aizkorarekin kolpea askoz ere gehiago aprobetxatzen da, eta aitzurrarekin ezin dira aizkorarekin bezalako enbor handiak moztu. Gero, aizkorarekin enbor gainetik aritzen zara lanean, eta aitzurrarekin lurretik. Bestela, niri, biak gustatzen zaizkit», esan zuen.Etorkizunari begira jarrita, ez du iluna ikusten: «Orain Euskal Herrian dezente dabiltza aitzurrarekin enborrak mozten. Garrantzitsua da erakustaldietatik lehiaketetara pasatzea. Kirol hau hemen aspalditik egiten da, eta ez dut ulertzen zergatik ez den ofizial izan behar gainerakoak bezala. Araban jende dezente dabil ikasten, eta guk garbi daukagu datozen urteetan ere lehiaketak antolatzen, eta Arabako Txapelketak antolatzen jarraitu behar dugula», esan zuen agurtzeko. Fernando Velez de Mendizabalek aurten aitzurlarien Arabako txapela lortzeaz gain, lasto-altxatzekoa ere bereganatu du. Orain trontzalariena prestatzen ari da, han ere zerbait egin nahiko baitu. Hala ere, gainerakoak bezala, udan herriz herri dabil erakustaldietan.
|