OIARTZUN
Oiartzungo Ttur-Ttur euskaltzaleen bilgunea gogor aritu zen Udalaren aurka atzoko agerraldian. Argudio politikoak tartean, joan den otsailaren 22az geroztik Ttur-Ttur bilguneko ordezkaria euskara batzordetik kanporatu dutela gogor salatu zuen; are gehiago, erabaki hori Euskara Batzordeko buru eta EAko zinegotzi Jagoba Larburuk Ertzaintzaren esanei men eginez hartu duela ere nabarmendu zuen.Larburuk berak arrazoitu zuenaren arabera, Ttur-Tturreko ordezkaria «apartheid politikoa» salatzen aritu zela jakinarazi zion Poliziak EAko zinego- tziari. Eta esan horiek eman zituen argudiotzat Ttur-Tturrekoa euskara batzordetik kaleratzean. «Ertzaintzaren bitartez jakin omen zuen Jagoba Larburuk kide hori zenbait batzordekide iraintzen duten kartelak batzordekideak lapurrak direla adierazten dutenak jartzen ikusi eta identifikatu dutela, eta jokaera horregatik batzordekide horiek deseroso sentitzen omen dira bera aurrean denean. Batzordeekiko errespetu falta argudiatuta bota dute kidea», azaldu zuen euskaltzaleen bilguneak Larburuk emandako arrazoia azaltzean.
«Zentzugabe eta baliogabetzat» jo ditu arrazoi horiek Ttur-Ttur bilguneak, eta oso larritzat Oiartzungo euskalgintzaren ordezkaria «zentsuratzea, euskararen alde lanean ari denari hegalak moztea». Izan ere, bere esanetan, Udalak hartu duen erabaki horrek euskararen normalizazioari batere mesederik ez dio egiten.
Legegintzaldi honetan Ttur-Ttur bilgunearen ahotsa izan den ordezkaria «berak aurkeztu ditu Ttur-Tturren proiektuak, aurrekontuak, eskaerak, proposamenak...» batzordetik kaleratzean bere lana betetzea «debekatu» egiten diotela salatu prentsaurrekoan.
Euskarari «harrika» egitea
Ttur-Ttur bilguneak eta Oiartzungo Udalak hitzarmena sinatua dute. Ttur-Ttur elkarteak Oiartzungo euskararen plan estrategikoan jasotako proiektuak gauzatzen ditu, eta bilguneko ordezkaria euskara ba- tzordetik kaleratzearekin «Udala berak onartutako» egitasmoei kalte egiten ari dela nabarmendu zuen bilguneak. «Ttur-Tturren lan egiteko era baldin- tzatzen du. Udaleko Euskara Zerbitzuaren lana ere trabatzen du. Azken batean, udal ordezkariak beren buruari hazrrika ari dira, eta okerragoa dena: euskarari harrika ari zaizkio. Euskararekiko eta euskalgintzarekiko errespetu falta ikaragarria da hori», gaitzetsi zuen.
Batzordea osatzen duten udal ordezkariei «zertara eta zergatik joaten diren euskara batzordeetara ongi hausnartzeko» dei egin zien bilguneak.