Santiago Yanizek Euskal Herriko bostehun irudi bildu ditu bost liburutan
GASTEIZ
Santiago Yaniz (Bilbo, 1957) argazkilariak ibilbide oparoa du paisaiak eta lekuak erretratazeko arteari dagokionez. Hogei urte baino gehiago dira Yanizek kazetaritza eta argazkilaritzari ekin zizkiola, eta, horren harira, Sua argitaletxeak egitasmoa proposatu zion. «Nire artxibategian bilatzeko eta Euskal Herriko irudi ederrenak bost liburutan argitaratzeko gonbita egin zidan Sua etxeak», azaldu du Santiago Yanizek.Guztira bostehun irudi aukeratu ditu Yanizek bilduma horretarako, ehun liburu bakoitzeko, alegia. Hala nola, bildumak Araba, Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko paisaia politenak jasotzen dituela. «Ehun zenbaki biribilean pentsatu zuen Suak, baita horrela gauzatu ere adierazi du argazkilari ezagunak. Nire artxibategian milaka irudiren artean begiratu behar izan nuen eta horietatik zenbait aukeratzeaz gain beste batzuk ere egin behar izan nituen. Iparraldeari zegozkion gutxi baitzeuden, adibidez. Horietatik, azken orduan, ederrenak argitaratu dira, tokian tokiko arima edo bihotza adierazten dutenak, alegia». Kontuan harturik Yanizek argazkilaritzan duen ibilbide profesionala oso luzea dela, irudien aukeraketaz hitz egitean zera esan du: «Jakin badakit aukeraketan niretzat inportanteenak zirenek pisu garratzitsua zutela. Bat aipatzearren, Berrotzako paisaia (Nafarroa) agertzea nahi nuen. Nire gurasoak hangoak baitira eta nik lur harekiko sentitzen dudan maitasunagatik liburuan ager zedila ezinbestekoa ikusten nuen». Hiru hilabete buru-belarri aritu behar izan da Yaniz bere lanak argia ikusi arte. Emaitza: 128 orri kopuru bana duten bost liburu. Yaniz berak zera aurreratu du: «Bilduma ez da hemen amaitu...egitasmo berri batekin ari naiz...baina ezin gehiago azaldu».
|