Hondakinak hartzeko lau egituretatik hiru aukeratu dituzte
BAIONA
Hondakinen tratamendurako beharrezkoak dituen lau egituretatik hiru finkatu zituela jakinarazi zuen asteazken gauean Bil Ta Garbik, Baionako Kontseilu Nagusian egindako bilera baten ostean.Nafarroa Behereko eta Zuberoako zaborrak bilduko dituen ekialdeko gunea Zuberoan jarriko dute, Sarrikotapea herrian, hain zuzen ere. Bertan sailkapen planta eta lurperatze eremua jarriko dituzte. Hamar hektareako lur eremu batean kokatuko dute eta guneak 25.000 tona hondakin hartuko ditu. Horietarik %40 eta %50 artean lurperatu egingo dute. Mendebaldeko gunea, berriz, Baiona iparraldeko RN117 eta A63 bideen artean dagoen Batz deituriko gunean jartzea pentsatu dute. Bertan, sailkatze planta eta aurretik tratatzeko lantegia jarriko dituzte. Lantegi horretan Ipar Euskal Herriko mendebaldeko 70.000 tona zabor tratatuko dituztela jakinarazi zuten. Sailkatu eta tratatu ezin diren hondakinak bi zentro ezberdinetara bidaltzekotan dira. Horietariko bat Bizi Garbia sindikatuak Senperen kudeatzen duen Zaluaga gunea da. Bigarrena, berriz, aukeratu gabe zegoela argitu zuten Bilta Garbiko arduradunek. Hainbat gune ikertu dituzte, baina guztietan hutsuneak aurkitu dituzte. «Ikertzen jarraituko dugu zenbait hilabetez mendebaldeko hondakinen parte bat lurperatzeko zentroa non jarriko dugun zehaztu arte», erran zuten arduradunek.
2010 arteko epea Guneen bilaketa batzordean hautetsiek, Estatu frantseseko ordezkariek, ADEMEingurumen egiturak, SAFER laborantzarako lurren kudeatzaileak eta gizarte eragileek hartzen dute parte, besteak beste. Eta, kokaguneen ikerketa bideratzerakoan irizpide zehatzak aztertu zituztela esan zuten, hau da, auzokideak, bertaratzeko baldintzak, paisaian ongi txertatuko den, kanpo ikuspuntua eta lur mota. Hondakinak hartzeko kokaguneak hautatu eta, bideragarritasun ikerketak abiatuko zituztela adierazi zuten, eta auzokide, lur jabe eta herrietako auzapezekin elkartuko dira. Gaur egun, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hondakinak Gironda eskualdera bidaltzen dituzte, baina 2010ean zaborrak hartzeko egitura horiek guztiek eraikita egon beharko dutela nabarmendu zuten.
|