DONOSTIA
Toki Eder ikastolaren inguruko auzia amaitu da, edo behintzat hori dirudi astearteko bileraren ostean. Asko izan dira Lakuako ikastolako instalazioak handitzearen inguruan izan diren tirabirak, baina azkenik elkarren aurka agertzen ziren jarrerak ados jarri dira.Bilera asteartean arratsaldeko lauretan izan zen Toki Eder ikastolan bertan. Han bildu ziren aurkako aurpegia zuten jarrerak: batetik, Toki Ederreko gurasoen ordezkari taldea, eta Josu Gangoiti Arabako Hezkuntza Saileko ordezkaria eta sail bereko teknikari bat bestetik. Antxon Belakortu Gasteizko Udaleko zinegotzia ere han izan zen. Bilerak pare bat ordu iraun zuen eta mahai gainera azaleratu zituzten bi aldeek beren nahi eta kezkak.
Toki Eder ikastolako arazoak leku faltarekin hasi ziren. Ikasle kopuruaren gorakada zela-eta, ikastolako instalazioak txiki geratu ziren ikasleen eskaerari aurre egiteko eta zentroa handitzea ezinbesteko bihurtu zen. Orduan hasi ziren liskarrak. Toki Eder ikastolako lanak ikasturtean zehar egitekoak ziren eta ikasleen gurasoek egoera horri irtenbidea aurkitzeko eskatu zuten, lanek beren seme-alaben ikastorduak galarazi ez zitzaten. Eskaerak izan zuen erantzuna: ikasleak Pio Baroja ikastolara eraman zitzaten proposatu zuen Hezkuntza Sailak, eta hara joateko zerbitzuak ere antolatu zituen. Gurasoek, ordea, aurka egin zuten, beren seme-alaben bizi kalitatea defendatuz eta auzoan bertan heziketa jasotzeko eskubidea dutela aldarrikatuz. Gainera, alternatiba bat ere eman zuten. Gurasoek haur hezkuntzako ikasgelak auzoko Mendebaldea institutu ondoko lur sailean eraiki zitzaten proposatu zuten. Lur sail horiek kirol erabilerarako zeuden izendaturik, baina Gasteizko Udalak ez zuen trabarik jarri lur horiek birkalifikatzeko garaian, betiere bizilagunen eskaera formala jasoz gero.
Hala ere, oztopoa Arabako Hezkuntza Saileko ordezkaritzatik iritsi zen; Josu Gangoiti Hezkuntza Saileko Arabako ordezkariak irmo jarraitu zuen bere hasierako proposamenarekin eta Toki Ederreko gurasoen ideia errefuxatu zuen.
Egoerari irtenbide adostu bat bilatu nahian, bi aldeak asteartean bildu ziren. Eta lortu zuten. Bertan parte hartu zuen gurasoetako batek jakinarazi digunez, bilera «luzea eta gogorra» izan zen, baina lortutako erabakia egokitzat jo zuten. Bi aldeek beren jarreretan malgutasuna erakusteaz gain, Antxon Belakorturen bitartekaritza lana «garrantzizkotzat» jo zuten gaiaren inguruko adostasuna lortzeko garaian.
Toki Ederreko guraso taldekoek jakinarazi dutenez, datorren asteartean batzarra egingo dute, bilera horretan hitzartutakoak gainerako gurasoei jakinarazteko. Horrela, oraingoz behintzat amaitutzat jotzen dute auzia.
Bileran hitzartu ziren hurrengo ikasturterako
baldintzak
Hurrengo ikasturtea hurbil dagoela kontuan harturik, astearteko bileran hitzartu zituzten hurrengo urtean erabiliko diren instalazioek izango dituzten baldintzak. Mendebaldea institutu ondoko lur sailetan gela prefabrikatuak eraikiko dituzte eta bertan egongo dira haurrak Toki Eder ikastolako handitze lanek irauten duten bitartean. Eraikina azarorako amaiturik egotea espero da eta 9 gelatan egongo da banatua, betiere irakaskuntza beharrak kontuan hartuta. -