Done Jakueren bidea Europa osoko erromesek edota pelegrinek Santiago hirira iristeko egiten duten bidea da. Azken urte hauetan Santiagorako erromesaldia indartu egin da, berpizkundea izan du. Hainbat urtetan garrantzia galdu izanaren ondorioz, zenbait elkarte sortu ziren musu-truk lan egin eta bidea biziberritzeko. Gaur egun leku garrantzitsua betetzen du berriz ere.
Baina Done Jakue bidea iraganeko izen handiko aztarna arkeologikoa baino gehiago da. Erromesek diotenez, bidea egitea ez da ibilbide turistiko edota artistikoa egitea, Europak mendeetan zehar izan dituen sustrai erlijioso eta historikoak aurkitzea baizik.
Done Jakue bidea ikurra dela esan daiteke. Fedea, artea eta ingurunea lotzen dituen lokarria, bilgune esanguratsua.
Erdi Aroan erromesaldiak ohikoak ziren eta Santiagorakoa lehen mailakoa zen Erromako eta Jerusalemgoarekin batera. IX. mendean Galizian Santiagorena zela uste zen hilobi bat aurkitu zutenez gero, erromesak bertara joaten hasi ziren.
Bidearen ertzean erromesak hartzeko monasterio eta ospitale asko zegoen, eta tenplarioak bidearen segurtasunaz arduratzen ziren.
Done Jakue bideak kultur harremanetan funtsezko eginkizuna bete zuen, arte erromanikoaren zabalkunde bide gisa batez ere.
Bi ibilbide
Erdi Arotik gaur egunera arte Santiagoraino joateko bideak asko izan dira.
Euskal Herriari dagokionez, hiru dira gure lurraldetik igarotzen diren ibilbideak: Ipar Euskal Herritik datorrena, «Frantziar bidea», Euskal Herriko barnealdetik pasatzen dena, «barnekoa», eta Euskal Herriko kostatik doana «kostaldekoa». Europako erromesak beste bide batzuetatik zetozen arren, bide horietan biltzen ziren gehienak.
«Kostaldekoa»:«Ipar bidea» ere deitzen zaio. Adar honek kostaldetik zeharkatzen du Euskal Herria (Baionatik Bilbora), eta kostaldean barrena jarraituz Santiagoraino iristen da azkenik.
Santiagoraino joateko erromesek jarraitu dituzten bideetatik lehena izan zen. Kulturaz, paisaiaz eta hizkuntzaz aberatsa; ibilbide hau Euskal Herritik, Kantabriatik, Asturiastik eta Galiziatik igarotzen da. Irteeratik bertatik «Frantziar bidea»rekin lotura ugari ditu.
«Frantziar bidea»:Ezagunena eta gehien egiten dena da. Santiago bidearen adar nagusia Estatu frantseseko hainbat tokitatik (Paris, Le Puy, Vezelay...) hasita Nafarroa Behereko Izuran bat egin eta gero, Ibañetatik barrena, Nafarroa Garaian sartzen da.
Iruñetik, Garestik eta Lizarratik iragan ondoren, Errioxa (Naiara, Ozkabarte...) eta Gaztela (Burgos, Fromista, Sahagun...) zeharkatzen ditu, Leon igaro eta azkenik Galizian sartzeko.
Garesen, Okzitaniako Tolosatik Somport eta Jacan zehar datorren adarrak bide nagusiarekin bat egiten du. Azken urteetan bide hori biziberritu egin da.
«Barnekoa»:Euskal Herriko barne ibilbidea erromatarren garaiko penintsularako atea izan zen. Orreagatik sartzen direnak baino erromes gehiago izan zuen garai batean.
Bide horrek Irunen du hasiera eta 210 kilometro ditu. Gipuzkoa eta Araba zeharkatu ondoren, ibilbide frantsesarekin bat egiten du Beloradon (Burgos) edo Ozkabarten (Errioxa).
«Kostaldeko bidea» edo «Ipar bidea»rekin batera, ardatz jakobino garrantzitsua da aspalditik.
Erdi Arotik erromesak Iberiar Penintsulan sartzen ziren Erdialdeko Europatik. Erromesak Irunen, Oiartzunen edo Astigarragan banatzen ziren; batzuek kostaldeko bidea jarraitzen zuten, besteak barnekoa.
Barne bidearen alde
Esan bezala, orain urte dezente, barneko bidea Orreagatik pasatzen dena (frantsesa) baino garrantzitsuagoa zen. Egun, ordea, «Frantziar ibilbidea» da garrantzitsuena. Gehien erabiltzen den bidea da azken hori, baita beste guztiak batzeko puntua ere. Hain ezaguna izateak gogaikarri gertatzea ere ekar lezake, jendez lepo egoten baita askotan.
Hori saihestu nahian, Gipuzkoako eta Arabako “Done Jakue bideko lagunak” deituriko elkarteek deia egin dute barneko ibilbidea egitearen alde. Helburua bide hori ezagutarazi eta sustatzea da, frantses tartearen alternatiba izan dadin.
Aldarrikapen horren alde egiteko, txangoa antolatu dute elkarte horiek Gipuzkoako eta Arabako etapak barnealdetik egiteko. Bederatzi eguneko zeharkaldia izango da.
Irteera uztailaren 26an izango da. Elkartzeko Irungo (Gipuzkoa) Santiago zubia aukeratu dute, 26an, 18.00etan. Bertatik abiatuko da martxa.
Bi elkarteek gestioak egin dituzte etapa bakoitzaren amaierako herrietako udalekin. Hala, ostatua bermatua egongo da.
Txango horretara joan nahi duenak, elkarte horietan informazioa eskatu besterik ez du egin behar (Gipuzkoa: caminosantiagoguipuzcoatelefonica.es. Araba: alavasantiagoyahoo.es)Elkarteek deia egin dute nahi duen jende guztia Irunera hurbildu dadin. -
DONOSTIA