PSE-Batasuna bilkuraren kontrako beste kereila bat
BILBO
Aurreko astean Donostian bildu zirela-eta, auzitara eraman zituen atzo Ermuko Foroak Patxi Lopez eta Rodolfo Ares PSEko agintariak, baita Batasuneko Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria eta Olatz Dañobeitia ere, «desobedientzia delitua» egin dutelakoan. «Auzitegi Gorenak Batasuna disolbitu egin zuen 2003an, eta ekimen politikorik egitea debekatu zion», gogora ekarri zuen elkarteak. Kereila EAEko Justiziako Auzitegi Nagusian aurkeztu zuten.Batasunarekin bilduko diren guztiak auzitara eramatea baztertzen ez badu ere, oraingoz PSErekin izandako bilerari lehentasuna emango dio Ermuko Foroak, «Gobernuan dagoen alderdia delako». Dignidad y Justicia elkarteak, gainera, Otegi, Etxeberria eta Dañobeitia, bai eta Juan Joxe Petrikorena mahaikidea ere, inputatu bezala dei ditzala eskatu dio Baltasar Garzon epaileari, eta Lopez eta Ares, lekuko bezala. Hain justu, Rodolfo Aresek PPren jarrera salatu zuen atzo, «zintzotasun politikoaren mugak gainditzen» dituelako. Batasunarekin egindako bilkura dela-eta, alderdi horrek beren kontra eta Patxi Lopezen kontra aurkeztutako kereilaren berri oraindik ez dutela izan esan zuen.
|