ALEGIA
Atzo ere jendetza batu zen Iruñeko Foruen enparantzan herri kirol jaialdia ikusteko, eta atzo berriro ere lehiaketa ugari izan zen, herrialdeko hiru txapel banatu baitzituzten bertan.Jon Iriarte garraldarrak jantzi zuen atzo Iruñean, Nafarroako aizkolarien Hirugarren Mailako txapela, eta etorkizunean aizkolari ona izan daitekeela erakutsi zuen.
Bost aizkolari gazte neurtu ziren mailako txapelaren lehian, eta kirolari bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 45 ontzako moztu behar izan zituen. Lehen hiru enborretan, nahiko parean ibili zen Gorriti anaiekin, baina laugarrengotik aurrera erabat nagusitu zen, eta azkenean tarte ederra izan zuen bere alde, minutu erditik gorako aldea kendu baitzion Iker Gorritiri.
Iker Gorritik eskuratu zuen bigarren postua. Harri
jasotzen ibilitako mutila da, baina orain aizkorarekin hasi da. Horretarako kilo
asko bota behar izan ditu, baina gorantz joan daitekeen mutila dela erakutsi
zuen atzo. Atzo, bere anaiari, Ibairi, aurre hartu zion. Jon Iriartek datorren
urtean Nafarroako Bigarren Mailan aritzeko parada
izango du.
Patxi Larretxeak aurtengo sanferminetako bere bigarren txapela jantzi zuen atzo. Joan den larunbatean herrialdeko harri-jasotzaileen titulua bereganatu zuen, eta atzo txingalariena. 50 kiloko txingak esku banatan hartu, eta ahalik eta metrorik gehien egiteko asmotan plazaratu ziren hiru kirolari, eta Arantzakoa izan zen onena 16 plaza eginda. Atzetik, Telletxea sailkatu zen 8 eginda, eta hirugarren, berriz, Igoa, 6rekin.
Emakumezkoena, berriz, herenegun jokatu zuten, eta Esther Iriartek bereganatu zuen txapela. Horiek 25 kiloko txingak erabili zituzten esku bakoitzean, eta garaipena lortu zuenak 16 plaza egin zituen.
Atzo jokatu zuten beste finala ingude-altxatzekoa izan zen, eta hor Xabi Seinek lortu zuen herrialdeko txapela, baita marka berria ere. 18 kiloko ingudeari ahalik eta jasoaldirik gehien eman behar zizkien, eta horretarako minutu eta erdi zuen kirolari bakoitzak. 91 jasoaldi eman zizkion. Carlos Sein bigarren izan zen 87rekin, Urrutia hirugarren 84rekin, eta Pikabea azkena 71rekin.
Horiekin batera lehiaketak amaitu egingo dira Iruñean, baina gaur eta bihar ere jaialdiek jarraitu egingo dute, egunero bezala 12.00etatik aurera, eta ez da falta izango ikuskizunik, ezta ikuslerik ere, arrakasta handiko ekitaldiak baitira.