GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-07-18
Pello ZABALETA | Poeta eta Oteizaren itzultzailea
«Oteizaren poesiarekin bukatu eta ‘Quosque tandem’ itzultzen ari naiz»
Badira zazpi urte Pello Zabaleta Euskadi Irratiko lana utzi eta lur beroagoetara joan zela, Granadara. Orain dela gutxi kaleratu zen Oteizaren poema guztiak biltzen zituen 900 orrialdeko liburua. Poesia horiek itzuli zituen berak, Jose Luis Padronekin batean, eta orain «Quosque tandem»ekin ari da. Moredan harrapatu genuen telefonoz bestaldean Granadako bero galgatik ihesi, beti bezala, lanean.

G ranadan bizi da azken zazpi urteotan Pello Zabaleta, Euskadi Irratiko esatari ohi eta itzultzailea, filosofia alemana euskarara itzultzen lanik gehien egin duena eta orain Oteizarekin bueltaka dabilena. Ba omen da hiri horretan esaldi bat jendeak askotan errepikatzen duena:«Tres meses de invierno y seis de infierno». Horregatik beharbada hiriburutik ihesi Moredan harrapatu genuen Pello. «Datorren asterako 40 graduko beroa iragartzen ari dira. Hemen negutik udara kolpetik pasatzen da eguraldia», esan du. Eta Moredan, hiritik mendi aldera 40 kilometrora dagoen herrixkan, gauez bederen freskatu egiten omen du. Zazpi urte darama Pello Zabaletak atzerrian.

­Bertakotu zarela esan al daiteke zazpi urte eta gero?

Oso gaztetatik sentitu naiz deserrotua. Mutikotan Arantzazura joan nintzen ikasketak egitera. Gero bi urte Suitzan egin nituen, beste bi Erroman eta Alemanian ere denboraldi luzeak egin ditut. Donostian egingo nituen urterik gehien bizitzen.

­Dena den, Granadan kultur taldeetan lanean ibili izan zara.

Denei agurra egin diet. Koru bakar bat gorde dut niretzako. Hilean behin Sacromonteko basilikara joaten gara, Granada bazterrean dagoen herri batera, gregorianoa kantatzera. Oraindainokoan lauzpabost korutan ibili naiz. Astelehenean koru bateko entsegua izaten nuen, asteartean beste koru batekoa eta antzerkia, asteazkenetan hirugarren koru batekoa eta ostegunean beste batekoa. Ezteietan eta kantatzeko bosgarren koru bat genuen. Hemen inguruetako baxurik onenetakoa neu naizenez gero, denekikoak egin ezinik ibili naiz urteetan.

­Poeta talde batean ere bazenbiltzan.

Agortu egin zen. Nik jarraitzen dut zerbait idazten, baina zahartu ahala antzutu egin dira taldeko poetak. Itxaropena gaztetan oso normala da, zahartzaroan nekeza. Eta poesia ere zahartzaroan nekeza da.

­Kantua alde batera utzita, zein dira zure asmoak?

Urteak eman ditut itzuli eta itzuli eta neuk zerbait idazteko gogoa dut. Itzulpena sekulako morrontza da. Oteizaren poesiarekin bukatu eta “Quosque tandem”ekin ari naiz. Fundazioak bideratu duen Oteizaren edizio kritikoen bilduman argitaratuko da. Eta hori bukatzen dudanean uzteko asmoa dut.

­Itzultzeko zaila izan behar du liburu horrek.

Alde batetik ironia handia du eta badu etsipen moduko bat ere euskal kulturaren geroaz. Obsesioraino darama etsipen hori. Euskal kulturak ez duela etorkizunik uste du eta igartzen zaio. Itzultzen ari zarela barrurago sartzen zara eta nik etsipen hori sumatzen diot. Poesian ere badu halako mingostasun bat.

­Oteizaren poesiarekin urte erdi eman duzu lanean.

Aurretik poemaren batzuk itzulita nengoen, baina kolpetik bere osotasunean poesia lan guztiei ekiteak beldur pixka bat ematen zuen. Oteiza izugarri poeta serioa da. Gaztelaniazko poesian joan den mendeko onentsuenetakoa dela esango nuke.

­Eskultore bezain poeta ona izan zela esango al zenuke?

Ez nuke horrenbeste esango. Bere eskultura izugarri gustatzen zait. Baina poesian ere sekulako garra du. Gogoan dut Donostian behin errezitaldi bat eman nuela eta “Itziar:elegia”ko poema bat irakurtzen ari nintzen bitartean jendea negarrez ikusi nuen aurrean. Horrek asko esan nahi du. Eta ez zen nire trebeziagatik. Sekulako sakontasuna du.

­Dena den, bere lan poetikoa kaleratu zenean ez zuen halako oihartzunik izan, ez eta inguruko poeten aldetik ere.

Oteizak, tamalez, geure artean komediante fama zuen bere izaeragatik, kolpeengatik, esperpentoengatik eta ez naiz harritzen bere poesia erabat serio ez hartzea ere.

­Zein gai erabili ditu Oteizak poesian?

Batzuek halako profeta kutsu bat ikusten diote. Nik zerbait biblikoa zuela uste dut, paradoxak erabiltzeko moduan batez ere. Iradoki egiten du. Jendea akuilatu, suspertu egin nahi zuen, xaxatu, ea mugitzen zen. Eta batzutan harritu eta txunditu egiten du bere poesiak. Hitzak asmatzeko joera ere bazuen eta askotan ezin da itzuli. Orain ‘Quosque tandem’ekin nabil eta antzeko gaiak jorratzen ditu askotan. Liburu honetako pasarte batean dio historia arakatu egin behar dela, bai, baina ezin bada, asmatu egin behar dela eta historia asmatzen aparta izan da.

­Izaki handi hauekin ibili ondoren zer sentipen uzten dute?

Horrelako gizakiekin tratua izan eta gero zeu sentitzen zara oso txikia. Arantzazuko dorrea urrutitik begiratu eta bikaina dirudi. Bertatik bertara begiratu eta gainera datorkizula ematen du. Horrelako zerbait gertatu zait Oteizarekin.

­Padronen eta bion artean egindako itzulpenari azken ukitua zeuk eman diozu. Zein izan da buruan zenuen helburua?

Batasun bat ematearren egin genuen horrela, ez harena edo nirea hobea zelako. Bi helburu izan nituen:batetik, Oteizaren teknika nabarmentzen saiatu nintzen eta, bestetik, euskaraz funtziona zezan saiatu naiz, hau da, gaztelaniaz duen soinua eta etenak euskaraz ere lortzen. Har dezagun bere edozein poesia, hemen aurrean daukadan hau, esaterako:«Vincent tolesgabearenak eguzkiloreak/ eguzkiloreak/almizkariak/ ah orkideak/eta plumaria acutifolia/ gauekoa/ maitemindua eta idazlaria/ eta zigor-lorea/ kaktukari marxistea/ berriketari kaltebako eta maskala/ eta oso eskuinean/ foraralia peneuvetarra/ ohikoak baino akats gehiagorekin/ bere lore-zilen/ metaforfosi aterakorrarekin». Bere estilo hori ahal den neurrian kalkatu egin behar da eta gaztelaniaz dituen soinu, eten eta beste osagarriak euskaraz ere jaso. Oteizak hautsi duena ezin du itzultzaileak osatu. Hori tranpa litzateke, ulerkera bat. Etena dagoenean etena dago.

­Oteizaren poesia osoa bildu al da argitara eman den liburuan?

Azken orduan aurkitutako bat ere bai, itzultzeko oso zaila gainera, hitz asmatuz egina. “Androcanto”, “Jainkoa bada” eta “Itziar: elegia” dira, dena den, poemario nagusiak.

­Zer muga duzu «Quosque tandem»en itzulpena bukatzeko?

Denbora dezente daramat lan honekin. Bukatzeko epea irailaren 15a da. Negua baino lehen argitaratu nahi dute.

­Zer asmo dituzu gerorako?

Neure lanetan murgildu nahi nuke. Heidegger izan da azken mailukada buruan eman didana. Heidegger itzultzea izan da bizitzan jarri didaten zigorrik gogorrena. Ausartzea ere gogorra izan zen. Badago Heisbergerren “Filosofiaren historia”n Heideggerri buruzko testu bat inork ere ulertu ez duena. Nik bere hiruzpalau lan itzuli ditut, horien artean, “Metafisikaren hastapenak”. Pentsalari aleman dezente itzuli ditut eta uste dut filosofia alemana ikasi nahi duenak alemana ikasi behar duela aurretik.

­Horien ondoan Oteiza atseginagoa egingo zaizu.

Noski baietz. Asko ikasi dut bere izaeraz eta sentipenaz eta asko ikasi dut pinturaz, arteaz eta poesiaz ere, noski.

­Berak euskara zaharrean pentsatzen zuela esan ohi zuen. Sumatu al duzu horren aztarnarik bere poesian?

Nik sumerioz bezala egiten zuen berak euskaraz. Euskara gehixeago jakin izan balu bere hipotesiak beharbada apalagoak izango ziren. Eta eskerrak Veleiakoa ez zuen ezagutu. Bestela auskalo zer esango zuen. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Explican la labor de HB, EH y Batasuna a nivel internacional
Ekonomia
SEPI autorizará hoy la venta de La Naval al grupo CNN y no mejorará las condiciones de los trabajadores
Mundua
Trágico tsunami en Java porque el aviso no llegó
Jendartea
Vecinos de Urbina critican el «silencio» de las instituciones
Euskal Herria
El PP utiliza en un vídeo contra el PSOE un chiste que inspiró Angel Acebes
Mundua
Israel pone trabas al despliegue de una fuerza internacional en la zona
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss