BAIONA
«Sari honek sinesgarritasuna ematen digu. Egitasmoa iraunkorra bilakatzeko oso garrantzitsua da, sari honekin jendearen ateetara jotzea askoz errazagoa izanen da» adierazi zuen Radio Kulturako Henri Mugaburuk. «Oso pozik gaude egindako lanak bere saria izan duelako» gehitu zuen.
Leader+ sareko Akitaniako egiturako koordinatzaile Estebe Eyherabidek adierazi zuen oso pozik zeudela «esperimentazioan oinarritzen den landa inguruko egitasmo bat sostengatzeagatik». «Teknologia berrietan oinarrituta zerbitzua hobetzea lortu dute eta inguruko bizi-kalitatea garatzea ere bai» esan zuen Eyherabidek.
Garapenerako operazio honetan sarituak aukeratzeko lau ideiatan oinarritu dira. Lehenak elkarlanaren nozioa hartzen zuen kontuan eta puntu horretan lau puntu posibletik hiru lortu dituzte. Euskal Irratiekin eta hainbat elkarterekin egindako lana nabarmendu dute horretarako.
Ikuspegi berritzaileari begiratzen zion bigarren puntuan. Puntuazio posiblearen erdia lortu dute, internet bidezko irratia eskualdean berritzailea izateagatik.
Zeharkako nozioa izan da kontuan hartutako hirugarren kontzeptua. Gazteei zuzendutako egitasmoa izateak eta teknologia berriak erabiltzeak garrantzi handia izan du puntu honetan.
Azkenik, kontuan hartzen zuten entzuleriaren parte hartze aktiboan ia lor zitekeen notarik altuena jaso dute Radio Kulturakoek, jendearen iritziak eta parte hartzea bilatzeko oso eraginkorrak baitira.
BAIONA
Radio Kultura.com-eko sortzaileak oso pozik agertu ziren atzo eta sei hilabeteetako ibilbidearen berri eman zuten. Elebitasuna, gazteak erakartzea eta entzuleriaren parte hartzea dira internet bidezko irratiaren oinarrietako batzuk.
«Euskal kultura eta euskararen pertzepzioa aldatzen ari diren momentu honetan garrantzitsua da espazio mistoak sortzea» adierazi zuen Radio Kulturako Henri Mugaburuk. Horregatik irrati elebiduna sortzea erabaki zuten eta helburua bete egin da, emankizunen erdia euskaraz eta beste erdia frantsesez izan baitira hasierako sei hilabeteetan.
Egitasmoaren lehen fase honetan irratiak 6.400 euskal kantu eta erreportajeak eskaintzen ditu. Erreportaje horiek hilabetero aldatzen dira, nahiz eta aurreko bi hilabetetako erreportajeak entzungai usten dituzten web orrian.
Urtarriletik goiti entzuleen kopuruak etengabe gora egin du eta azken hilabetean 3.650 bisita izan ziren. Urtea bukatu aitzin hilabetero 5.000 entzule izatea da irratiko langileen helburua. Entzule asko, %45, Ipar Euskal Herrikoak izan dira, baina Hego Euskal Herriko entzuleak ere ez dira gutxi izan, %35 hain zuzen ere.
Entzuleriarekin duten harremana oso garrantzitsua da. Horretarako hiru lanabes erabiltzen dituzte. E-posta elektronikoaren bidez hilabetero programazio berria igorriz, bertan aholkuak eta iritziak emateko aukerarekin. Hautagai diren emankizunen zuzeneko ebaluaketa ere egin daiteke web orrian eta azkenik komunikazio ekintzak egiten dituzte entzuleen iritziak biltzeko.
Bigarren fasea lau partetan egingo da. Musika tematiko eta hautagarri berria izango da, asteko albisteen hitzordua eskainiko dute, euskara ikasteko ikastaroen eskaintza egingo dute eta hedapen materialaren hobekuntza teknikoa ere ezarriko dute.