DONOSTIA
Francisco Franco diktadore espainolak, Armada espainoleko indarrekin batera, 40 urte luzez Euskal Herria eta herrialde espainolak indarrez mendean hartu zitueneko eta Bigarren Errepublika espainolaren aurkako estatu-kolpea abiatu zueneko 70. urteurrena betetzen da gaurko egunean. Ezker abertzaleak ekitaldiak egingo ditu gaur iluntzean Gasteizen eta Tuteran, «faxismoaren aurka eta autodeterminazioaren alde».
Gasteizen, 20.00etan, Arka enparantzan egingo da «atzo eta gaurko frankisten gainetik, Euskal Herria aurrera» lelopean frankismoaren aurka borrokan hildako herritarren oroimenezko ekitaldia.
Borrokalariak gurtzeaz beste, Euskal Herrian irekitako prozesu politikoarekin lotua egingo da ekitaldia; «etengabean prozesu politikoaren aurka dauden agintarien desagertzea» aldarrikatuko baitute bertan Gasteizko alkate Alfonso Alonso eta Arabako ahaldun nagusi Ramon Rabanerari egin zioten prentsaurrean erreferentzia, eta, baita prozesua «egungo frankista horien gainetik» azken muturreraino eramateko borondatea berretsiko ere.
Otxandioko bonbardaketa
Bestalde, Erriberako ezker abertzaleak ere ekitaldia deitu du Tuterako foru enparantzan, gaur, 20.00etan. Ekitaldi hori, gainera, faxismoaren aurkako eta autodeterminazio eskubidearen alde Nafarroan antolatu duten kanpainaren baitan deitu dute.
Joan den larunbatean Patxi Urrutia Batasuneko mahaikideak prentsaurreko bidez aditzera eman zuenez, Nafarroan bizitako errepresioa eta «trantsizioaren iruzurra» salatzeko baliatu nahi dute gaur Tuteran egingo den ospakizuna. Nafarroan, eta oro har Euskal Herrian frankisten esku hildako herritarrak omentzeaz gain, ekitaldiaren bidez ere «Nafarroako eskuinari bere iraganarekin apurtzeko galde egin eta behingoagatik printzipio demokratikoak onartzeko» exijituko diote.
Tuterako ekitaldian, Patxi Urrutia mahaikidea eta Kortesko alkate ohi eta HBko parlamentari ohi Angel Rinconek hartuko dute hitza. Datorren uztailaren 29an, aldiz, Sartagudan deitu dute ekitaldia. ANV-EAEk ere bat egin du Tuterako ekitaldiarekin.
Otxandion ere, Andikona bonbardaketaren 70. urtemuga gogoratzeko uztailaren 17tik 23ra bitarte ekintza desberdinak antolatu dira. Esaterako, aste osoan zehar Udaletxean erakusketa bat izango da ikusgai. Ekitaldi nagusienak hilaren 23an egingo dira.
Ezker Batuak Berdeak alderdiak ere Bilbon ekitaldia egingo du gaur. Doña Kasilda parkean, Nestor Basterretxea eskultoreak frankismopean hildako herritarren omenez jarritako eskulturaren ondoan, 11.15ean, lore eskaintza eta minutu bateko isilunea egingo dute EBko kideek.