Estatu frantsesak gaur kanporatuko du Mikel Urkia
Sei urte egin ditu Mikel Urkia preso politiko errenteriarrak Estatu frantseseko ziegetan gatibu. Hain zuzen ere, Pariseko Auzitegiak ezarritako zigorra osorik bete du. Epai horren arabera, gainera, Estatu frantsesean egoteko debekua du bere gain Urkiak, eta gaur, espetxe zigorra bete ostean, Polizia frantsesak kanporatu egingo du errenteriarra.
DONOSTIA
Mikel Urkia preso politiko errenteriarrak Estatu frantsesak ezarritako sei urteko espetxe zigorra bete du gaur, eta bertan gelditzeko debekua duela medio, kanporatu egingo dute. Urkiak, gainera, bera kanporatzearen aurka hilabete eman du gose-greban. Joan den ostiralean jada hamabost kilo baino gehiago galduak zituen.
Sei urteko espetxe zigorra eta Estatu frantsesean egoteko debekua ezarri zion Pariseko Auzitegiak Mikel Urkiari, eta gaur, hain zuzen ere, kartzela egonaldi guztia bete du. Alta, Polizia frantsesak La Junquerako edota Port Bouko muganutziko duelakoan dira senideak, eta kanporatzearen ondotik gerta dakiokeenaren gaineko kezka azaldu dute.
Askatasunak ere, behin kanporatua izan eta gero Polizia espainolaren esku Urkiak torturak edota tratu txarrak bizitzeko arriskuaz ohartarazi zuen joan den ostiralean.
Bestalde, Estatu frantsesetik bi preso politiko Estatu espainolera eraman dituzte. Juan Antonio Olarra Guridi eta Julia Moreno Makuso dira Madrilera eraman dituztenak; lehena denbora baterako entregatze gisa Auzitegi Nazionalean epaitzeko, eta bigarrena, aldiz, espetxe zigorra Estatu espainolean betetzearren lekualdatze eskaera egin eta ontzat eman diotelako.
Bestalde, presoen eskubideen defentsan 40 lagun elkartu ziren atzo Iurretan, 15 Abadiñon, 35 Zaldibian, 10 Euban, 22 Berangon, 30 Bilboko Errekalden, 26 Astigarragan, 15 Otxarkoagan, 15 Bermeon eta 30 Altzan.
|