DONOSTIA
Gipuzkoarrak Bizkaian nagusi dira, edo hori da behintzat Euskal Herriko Ligako emaitzek erakusten dutena. Jaizubia da Gipuzkoako talde bakarra Liga honetan, eta saio guztiak Bizkaian jokatu ditu. Hala ere, Hondarribikoak sailkapen nagusiko lehen postuan daude.
Ligako bi ekinaldi jokatu dituzte joan den asteburuan, eta garrantzitsuena Santurtzin jokatu zuten herenegun eguerdian. Beroa ikaragarria izan arren, sekulako jendetza batu zen saioa ikustera.
Trapagaranek eta Galdamesek, Liga irabazteko bi faborito nagusiek, aukera ederra zuten Jaizubia menderatzeko, baina ez batak ez besteak ezin izan zuten Gipuzkoako taldea mendean hartu.
Gainera, bai Trapagaranek eta bai Galdamesek ere uste baino maila apalagoa eman zuten, saioa irabazteko faboritoak izan arren, hirugarren eta laugarren postuan amaitu baitzuten.
Tartean, Txoriherri sartu zen. Talde horrek ere sekulako lana egin zuen eta 16 zulo pasarekin bigarren geratu zen. Zulorik gehien Jaizubiak egin zituen, 17 pasa.
Arratsaldean, Barakaldon neurtu ziren BurdinGazteak, Ortuellako taldea eta Errekatxo. Lehenengoek ez zituzten zulo gehiegirik egin, baina irabazteko nahikoa izan zen 13 zulo pasa egitea. Garaipen horri esker, sailkapen nagusiko bigarren postuan kokatu dira, eta orain arteko beste ezuste bihurtu da Ortuellako taldea. Horiek ere lan bikaina egiten ari dira, baita horren ordaina jasotzen ere. Errekatxok, berriz, nahiko maila eskasa eman zuen, berea izan baita asteburu osoko markarik txarrena.
Sailkapen nagusiari begira jarrita, Jaizubia doa lehen postuan, eta bigarren Burdin Gazteak. Gipuzkoarrek Ligan parte hartzen duten lehen aldia da, baina txapela eskura dute, eta geratzen zaizkien hiru jardunaldietan gauzak oso gaizki egin beharko lituzkete txapela ez lortzeko.
Santurtziko sailkapena
Barakaldoko sailkapena