-Berezkoak (Arrangoitzeko Torneoko finala)
Ezkurra I-Ozafrainek jantzi dute txapela
IBARROLA - KURUTXARI 37
EZKURRA I - OZAFRAIN 40
ARRANGOITZE
Ezkurra I.ak eta Ozafrainek irabazi zuten herenegun Arrangoitzeko Torneoa, finalean ezusteko galanta emanda. Dirua nabarmen atera zen beren aurka. Markagailuan ere beti gibeletik joan ziren azken unera arte, baina amaieran txapela eurentzat izan zen. Lehen kintzeko berdinketaren ostean, Ibarrola eta Kurutxari markagailuan aldea ateratzen hasi ziren, eta bi aldiz hamar kintzeko aldea izan zuten alde (20-10 eta 30-20). Azken emaitza horrekin, inork gutxik pentsatuko zuen garaipena lortuko ez zutenik, baina horrela izan zen.Ibarrola eta Kurutxari akitzen joan ziren, eta aurkariak partidan sartu eta protagonismoa hartzen hasi ziren. Ozafrain atzean agintzen hasi zen, eta Ezkurra jokoan gehiago sartzen hasi zen. Markagailuan gerturatzen joan ziren, baina 37-31koarekin, ia ezinezkoa zirudien partida horrek ezustekoa izango zuenik. Ezkurra I.ak eta Ozafrainek, ordea, ez zuten etsi eta lanean jarraitu zuten. Sei kintze jarraian egin, eta 37-37koa jarri zuten markagailuan. Zailena eginda zegoen, eta orain horri bukaera on bat ematea geratzen zitzaien, eta horixe egin zuten, 0-8ko partzial bat egin eta txapela jantzi baitzuten. Ibarrolak eta Kurutxarik partida ona egin zuten, baina beroaren ordaina jaso zuten, eta txapelik gabe geratu ziren.
|