GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-07-18
Udako egunik beroena ote?
eguraldiaz galdeginez gero, egunotan bero sargoria egin duela esan dute gehienek eta badirudi tenperaturek ez dutela beherako bidea hartzeko asmorik. urrutira joan gabe, gaur udako egunik beroenetakoa izango dela ziurtatu dute iragarleek

Hogeita hamar graduren bueltan ibili ziren atzo Euskal Herriko termometroak eta, iragarleek azaldutakoaren arabera, badirudi joera horrekin jarraituko dugula datozen egunetan ere. Eta, batez ere, gaurkoa izango omen da udan bero gehien egin dezakeen eguna.

Orain artekoan, iragan den uztailaren 10ekoa izan da aurtengoan bero gehien egin duen eguna eta, betiere iragarleen esanetan, egun horretako tenperatura berdintzeko modukoa behintzat izango omen da gaur egingo duena. Kontuan hartzekoa da egun hartan 30,6 gradu neurtu zituztela Deustuko eta Lasarteko estazioek, 35,5 Arrasatekoak eta 36,7 gradu Abetxukoak.

Datozen egunetako joerari dagokionez, bihartik hasita tenperaturek behera egingo dutela aurreratu zuten, baina, Euskal Herrian dabiltzan iragarle nagusien esanei erreparatuz, beherakada hori ia ez dela nabarituko ziurta daiteke. Atzo egindako eguraldiaz oroitzea besterik ez dago zeri buruz ari diren ulertzeko; tenperatura altuenak 30-35 gradu bitartekoak izan baziren ere, batek baino gehiagok ziurtatu zuen termometroak markatzen zuena baino bero handiagoa egiten zuela. Eta ez zebiltzan oso oker; adituek azaldu zutenez, sentsazio termikoa tenperatura erreala baino askoz handiagoa izan zen, eta 30 gradu egiten zituen ingurune batean 37 graduko tenperatura sentitzea posible zen.

Iparraldeko haizeak dakarren hezetasuna omen da erruduna, egunean zeharreko sargoria eragiten duena eta, era berean, gaueko tenperatura 20 gradutik jaistea ekiditen duena. Besteren artean, aipagarria da Angelun 33 gradu, Bilbon 38, Tuteran 37 eta Donostian 35 gradu izan zirela. Hezetasun maila, aldiz, batez beste, %88koa izan zen Euskal Herrian.

Gaur, egunean zehar bero itzela espero bada ere, iluntze aldera trumoi lainoak sartu eta zaparradaren bat botako duela aurreratu dute. Beraz, lotarako ordua iristerako apur bat freskatzea espero da.

Bero boladen protokoloa

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan alerta egoerara deitu berri duten arren, Euskal Herriko gainerako lau herrialdeetan egoerak normal jarraitzen du. Horren gainekoak Euskalmet Meteorologia eta Klimatologia Zuzendaritzatik azaldu zituzten. Iragan den asteburuan egindako beroa neurriak hartzea erabakitzeko erabiltzen dituzten parametroetatik gertu dagoela esan zuten, baina, aurrez finkatutako tenperaturetara ez omen gara oraindik iritsi. Gainera, protokoloa abian jartzeko hiru egunez nabaritu behar dira bero-boladaren eraginak, eta horretara ere ez omen gara iritsi.

Agintariek hurrengo egunetarako aurreratu dutenaren gainean ohartarazita daudela ere gaineratu zuten.

Uraren maila jaisten

Ebroko Konfederazio Hidrografikotik jakinarazi zutenaren arabera, Euskal Herriko urtegiak ere hasi dira eguraldiaren eraginak jasaten. Tenperaturaren gorakadak dakarren kontsumoaren igoera eta, batez ere, aurtengo udako euri eskasiaren eragina nabarmendu da dagoeneko urtegi nagusietan. Besteren artean, Bilboko eta Gasteizko zati handi bat urez hornitzen duen Zadorrako urtegian nabarmen egin du behera uraren mailak. Zehazki, ura biltzeko duen espazioaren %63,9n omen dago. Ullibarriko urtegiko egoera ere hala-moduzkoa da; 147 hektometro kubiko ur biltzeko lekua badu ere, egun 95 soilik ditu, ahalmen osoaren %65, alegia. Urrunagako urtegiaren egoera ere antzekoa da, ahalmenaren %63n baitago.

Konfederazioaren esanetan, azken aste honetan puntu batean egin du behera urtegi nagusien uraren mailak, eta iaz data berean baino bederatzi puntu beherago dago egungo maila. -



Udamin, beroari aurre egiteko martxan

BAIONA

Estatuaren ordezkaritza Udamin planaren parte diren hainbat erakunderekin jarri da kontaktuan. Ospitaleak, Larrialdietako Laguntza Medikuen Zerbitzua (SAMU), Akitaniako Kontseilu Nagusia eta Osasun eta Gizarte Aferen Zuzendaritzak prefeturekin batera zeregin ezberdinak dituzte beroaren eragin negatiboak txikitzeko. Tenperatura kontrolatzen dute eta airearen eta uraren kalitatea ere begiratzen dute. Era berean, elikagaien iraungitze-datak begiztatzen dituzte. Aldi berean, bero garai hauetan heriotzen arrazoiei kasu berezia jartzen diete.

Komunikazioa planaren parte handi bat da, horregatik telefono berezi bat jarri dute martxan: 0800089064. Bestalde, biztanleekin kontaktuan lan egiten duten erakundeekin harremanetan jarri dira, zaharren egoitzak, jaialdietako antolatzaileak, ospitaleak edo zentro sozialak, esaterako.

Areto girotuetara

Baionako Ospitalean ohe libreak atxikitzen dituzte beroak sor ditzaken kasuetarako. Horretarako, larri ez zeuden gaixoak lehenago kanporatu dituzte. Zaharren egoitzetan adineko jendea etengabe hidratatzen dute eta areto girotuetara ematen dituzte.

Hiru maila dituen Udamin plana, ekainaren lehenetik abuztuaren 31ra hirugarren edo beila egoeran egoten da eta gailu ezberdinak egiaztatzen dira etengabe garai horretan. Bigarren mailan osasun egitura ezberdinak erne jartzen dira eta lehen mailan mobilizazioa maila gorenean egoten da.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Explican la labor de HB, EH y Batasuna a nivel internacional
Ekonomia
SEPI autorizará hoy la venta de La Naval al grupo CNN y no mejorará las condiciones de los trabajadores
Mundua
Trágico tsunami en Java porque el aviso no llegó
Jendartea
Vecinos de Urbina critican el «silencio» de las instituciones
Euskal Herria
El PP utiliza en un vídeo contra el PSOE un chiste que inspiró Angel Acebes
Mundua
Israel pone trabas al despliegue de una fuerza internacional en la zona
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss