Urte asko dira, gehiegi, gure herria askatasun egarriak itotzen duela. Urte asko, batzuek beren konpromisoa sasitan gauzatzeko beharra ikusi zutela. Etxea, familia, lagunak... denak urrun, baina bihotzean beti herri honen askatasunerako eta maitasunerako grina. Herri honek hain beharrezkoa duen independentzia eta sozialismoaren bidea argitzen duen sua pizturik mantentzeko grina eta zailtasun guztien gainetik ere aurrera egiteko borondatea. Une latzak, une gogorrak, zalantzak, beldurrak... baina beti aurrera, ausardiaz, tinkotasunez dagokiguna eskuratuz eta bidea ilusioz eginez. Horrelako une gogor bat bizi behar izan zuen Euskal Herriak 2005eko uztailaren 20an. Egun horretan, sinetsi ezin genuen berri txar bat iristen hasi zen gure belarrietara. Jendearen begiradan sumatzen zen zerbait larria gertatu zela, zerbait ondo ez zihoala eta halako batean guztiok buruan geneukana, baina inork ere esan nahi ez zuena baieztatu zen: Imanol Gomez gudari gaztea zendu zen.
Albistea sinesgaitza zen. Beraien bizia herri honen askatasunaren truke eman dutenen zerrendara izen berri bat batzen zen, eta herri honen borrokaren gordintasuna azalarazten zuen egoera sortu zen; zalantzak pizterainoko egoera: negarrak, amorrua, gorrotoa...
Baina une gogor horietan ere burua altxatu, lepoan hartu eta aurrera egiteko ausardia eta kemena erakutsi genuen, bide horretan ere gazteriaren iniziatiba txalogarria izanik.
Egun horietan, guztiok barruan genuen amorrua askatu eta jasandako erasoari erantzun zitzaion. Herriaren haserrea gelditu ezin den haserrea dela erakutsi zen, eta etsaiek jarritako oztopo guztien gainetik gure gudari gaztea omendu genuen. Ikaragarria izan zen egun horietan Euskal Herriak eta euskal gazteriak agertutako indarra, Imanolek landatutako haziari ur freskoa botaz eta gorpua bahitu zutenei tinkotasunez aurre eginez.
Nola ahaztu PNV bezalako alderdi batek egun horietan erakutsitako jarrera miserablea. Bere esku zuen guztia egiten saiatu zen Euskal Herriak bere gudari gaztea omen ez zezan, Imanolek azken agurra jaso ez zezan. Manifestazioak debekatu, euskal herritarrak jipoitu eta atxilotu zituzten, baina ez zuten lortu beraien helburua. Egun horietan Euskal Herriak erabaki bat hartua zuen, Imanolen gorpua eta askatasunerako borroka omentzea, gurtzea. Eta erabaki hori bururaino eramatea. Esan eta egin. Ezin zitekeen bestela izan.
Eta egun bizi dugun une politikoan ere orain urtebete harturiko erabakiak eta konpromisoak berresten ditugu. Euskal gazteriak askatasunaren borroka muturreraino eramateko konpromisoa berresten du. Ilusioz, gogoz, duela urtebeteko indar horrekin ireki beharreko prozesu demokratikoan urrats atzeraezinak egin daitezen. Baina erne, jakin badakigulako etsaiak ez digula ezer oparituko. Are gehiago, bere esku dagoen guztia egiten saiatuko da Euskal Herriak herri bezala dagozkion eskubideak lor ez ditzan.
Herritarrak atxilotuko ditu, erakundeen aurkako operazioak bultzatuko ditu eta, gainera, kolaboratzaile finak edukiko ditu gurean bertan ere, eta zergatik; badakitelako ezingo dutela herri oso baten desira gelditu, badakitelako herri honek lehenago edo beranduago bere mugarria den independentzia eta sozialismoa lortuko duela eta horrek itotzen ditu.
Aurrerantzean ere, Imanolek egin bezala, hainbat konpromiso hartzeko garaia iritsiko zaigu, erabaki zailak hartu beharko ditugu. Eta une hori iristen denerako prestu egongo gara. Euskal gazteria prest egon beharko da aurrerantzean ere ausardiaz jokatzeko eta memento zailenetan ere borrokaren lekukoa hartu eta etsaiari hortzak erakusteko.
Beldurrak alderatuz eta bihotzari erreparatuz, zuhurtziaz, baina konfiantzaz, irabaziko dugun ziurtasunarekin. Eta hori da herri bat indartsu egiten duena. Herri baten indarra ez baita neurtzen botere ekonomikoarekin, edota botere politikoarekin. Herri baten indarra bere herritarrekin neurtzen da, bere herritarrek aurrera egiteko duten konpromisoarekin, lanean aritzeko duten gogoarekin.
Argi edukiz herriaren eraikuntzan guztion parte-hartzea beharrezkoa dela, edonork egiten duen lan txikiena ere baliagarria dela etorkizuneko herri askea eraikitzeko.
Ez gara alde batera begira geldituko, norbaitek zerbait konponduko duenaren esperoan, gaurdanik lanean jarri behar gara ikastetxean, unibertsitatean, lantokian... eta eremu horietan guztietan egiten dugun lana eramango du Euskal Herria justizian eta demokrazian oinarritutako herri aske bat izatera.
Horregatik, Imanolek jarri zuen hazia ereiten segitzeko ardura berresten dugu. Askatasun haizeari bultzada gogor bat emateko ardura.
Bidea luzea izango da, oztopoak aurkituko ditugu, kolpatuko gaituzte, baina aurrera egingo dugu. Bidean utzi gaituztenen indarrarekin, etsaiaren eraso guztiei tinkotasunez erantzunez eta une zailenetan ere, Imanol eta berarekin batera eroritako gudarien argazkiak begiratu, indarrez bildu, eta independentziaren eta sozialismoaren bidean urratsak egiten jarraituko dugu.
Borrokak merezi duelako, borrokatu behar delako, borrokak honaino ekarri gaituelako eta borrokak eramango gaituelako Euskal Herriaren askatasunera.
Zuek utzitako suak argituko du bidea! Maite zaituztegu. Gora atzo, gaur eta biharko borrokalariak! Gora Imanol! -