- Ohorezko Maila
Eleter eta Villa argentinarrak, Ordiziara
DONOSTIA
Kitmar Ordizia datorren denboraldia prestatzen ari da. Oraindik ez dira itzuli entrenamenduetara, baina jadanik taldean aldaketa batzuk egin dituzte gorri-urdinek.Hiru jokalarik utziko dute taldea. Asier Garmendiak errugbian jokatzeari utzi dio, eta Palumbo, berriz, Argentinara itzuliko da. Ezkurrak ere bere jatorriko taldera itzultzea erabaki du, Baztanera. Horien lekua betetzeko, Eleter eta Villa argentinarrak fitxatu ditu. Dena dela, litekeena da aste honetan edo hurrengoan beste jokalariren bat edo beste Ordiziara iristea. Ordiziaren helburua, iaz bezalaxe, mailari eustea izango da, atzo Axio Araña taldeko entrenatzaileak GARAri baieztatu zionez: «Asmoa mailari eustea eta iazko estutasunak ez pasatzea izango da. Gero hortik aurrera datorrena etorriko da. Hala ere, badakigu deboraldi gogorra izango dela, talde asko izango baitira gure asmo berarekin, eta badakigu asko borrokatu beharko dugula», esan zuen entrenatzaileak. Denboraldia noiz hasiko den erabakita dago, irailaren 10ean abiatuko baita. Egutegia, ordea, trakets samarra da, iazkoaren modukoa; izan ere, Ligak geldialdi gehiegi izango baititu. Esaterako, Liga hasi eta gero, bi astetan ez da partidarik izango, eta abendura bitarte horrela izango da, taldeen kalterako. Ordiza, ordea, ez da Ohorezko Mailan arituko den euskal talde bakarra, Bera Bera eta Getxo ere bertan ariko baitira, baina horien inguruan ez dago ezer zehaztuta. Bera Beran aldaketa dezente izango direlako zurrumurrua dago, baina taldeak ez du ofizialki ezer esan, nahiz eta datozen egunetan zerbait esango duen.
|