- CFA Maila -
Avironek eta Genetsek goiko muturrean ibiltzeko moduko taldeak osatu dituzte
·Abuztuaren 5ean abiatuko da Liga, eta azaroaren 11n izango da euskal derbia
BAIONA
Aviron eta Genets, Frantziako Ligan ari diren bi euskal talde garrantzitsuenak, jadanik buru-belarri ari dira heldu den denboraldia prestatzen, abuztuaren 5ean abiatuko baita Liga.Aviron eta Genets maila berean izango dira datorren denboraldi honetan. Avironek iaz Nazional 1 Maila galdu zuen, eta Genetsek, berriz, eutsi egin zion CFAri, eta aurten maila profesionalean lehen aldiz izango da euskal derbi bat. Azkeneko aldiz bi talde horiek maila berean egon zirenean, Akitaniako Ohorezko Mailan ziren, 2000-2001eko denboraldian. Bi talde horiek ahalik eta gorenen geratu, eta ahal badute Nazionalera igotzeko asmoarekin ekin die denboraldi-aurreari. Hala ere, taldean aldaketarik gehien Avironen izan dira, eta ez da harritzekoa, iaz maila galdu baitzuen. Honako hauek dira talde zuri-urdinean jarraituko ez dutenak: Olazkoaga eta Strelzack (entrenatzaileak), Ruffier, Talmont, Sergent, Pardeilhan, Chakir, Choplain, Darocha, Vaz, Lamothe, Vareilles eta Sartolou. Entrenatzaile berria izango dute hiriburukoek, Alain Pochat, iaz arte beheko taldeetan ari zena. Gainerako jokalari berriak honako hauek dira: Sautie, Etxeberri, Barsacq, Lalane eta Borghese (Genets), Laporte (Biarritz), Lespiauk (Libourne), Van der Beruwene (Montpellier), Bouffena (Cassis), Bertrand (Tours), Bary eta Balde (Balma) eta Mlab (Lons). Guztien artean nabarmenena Van der Beruwneren fitxatzea da, izan ere, etorkizun handiko jokalaria da. Lehen Mailako Montpellierrek utzita dator, eta Frantziako 19 urtez azpiko selekzioan titular aritzen da. Aviron Baionakoak azken urte hauetan eskarmentu handiko jokalariak ekarri ditu, Lehen Mailan partida dezente jokatutako jokalarien aldeko apustua egin izan du, baina gauzak ez zaizkio ongi atera, eta aurten gazteekin egin du apustua, futbolean zerbait egin nahi dutenekin. Genetsek, aldiz, eskarmentuko jokalariak fitxatzeko asmoa izan du aurten, eta horixe egin du, ekarritako gehienak Lehen Mailan minutu dezente jokatutako jokalariak heldu baitira Angelura. Honako jokalari hauek jantziko dute aurten lehen aldiz elastiko hori-berdea: Poueyts (Gap), Ipek (Brive), Elouari (Albi), Heckly eta Poteet (Poittiers) eta Cherreau (Metz). Taldean jarraituko ez duten jokalariak, berriz, honako hauek dira: Barsacq, Lalane, Etxeberri, Sautie, Borghese, Salaberri eta Tachoires. Alex Salaberri baionarrak futbola uzteko erabakia hartu du. Jokalari hauen artean ezagunak da Cherreau atezaina. Lehen Mailan minutu asko jokatu ditu, baita Ipek turkiarrak ere. Poueyts aurrelariaren izena ere oso ezaguna da, Frantziako, Suitzako eta Espainiako Ligako Lehen eta Bigarren mailetako taldeetan aritu baita. CFA Mailan lau multzo dira, eta Aviron eta Genets, biak C multzoan izango dira. Horietaz gain, honako hauek ere osatzen dute multzoa: Girondins B, Le Mans B, Rodez, Montlucon, SaintGeorges, Luzenac, Balma, Les Herbies, Stade Toulosain, Aurillac, Tolosa B, Moulins, Brive,Nantes B, Orlenas eta Albi.
Liga hasiera
Liga abuztuaren 5ean abiatuko da, eta Avironek etxean Brive taldea hartuko du, eta Genetsek, berriz, Rodezen zelaian jokatu beharko du. Bigarren jardunaldia astebete geroago izango da, eta Genetsek etxean Girondins B hartuko du, eta Avironek, berriz, Moulinsen zelaian jokatuko du. Avironen eta Genetsen arteko derbiko lehen partida azaroaren 11n jokatuko dute Baionan, eta Angelun, berriz, apirilaren 14an jokatuko dute.
|