Unai ARTETXE
DONOSTIA
Pilota enpresa indartsuenek, Aspek eta Asegarcek, batera antolatuko dute Gasteizko Andra Mari Zuriaren feria. Sanferminetakoa bakoitza bere aldetik egin eta gero, Eskuzko Pilota Enpresen Liga (EPEL) osatzen duten enpresek atzo egin zuten bilera akordio batera iristeko aukerarik ba ote zegoen aztertzeko.
Aspeko nagusiak, Fernando Vidartek, eta Asegarceko bazkideak, Aitor Totorikak, luze hitz egin zuten enpresa bien arteko desadostasunek sortutako egoerari buruz, eta erabateko akordio batera iritsi ez ziren arren, Gasteizko ferian elkarrekin joango direla hitzartu zuten. Andra Mari Zuriaren Torneoa nolakoa izango ote den ez dute zehaztu, baina hurrengo ostiralean emango dituzte ezagutzera datu horiek.
Dena den, zurrumurruak bizkor zabaltzen dira, eta batzuek diotenaren arabera, enpresa bakoitzeko bikoteak finalean bakarrik izango lirateke aurrez-aurre.
Gasteizko feria batera antolatzeak, hala ere, ez du esan nahi ondoren Asegarce eta Aspe elkarrekin arituko direnik. Izan ere, udako beste torneoak antolatzeko ere berriz ere bilduko dira enpresa bateko zein besteko ordezkariak.
Harremanak hobeak diren arren, oraindik ere batzuen eta besteen jarrerak nahiko urrunduta daude. Lau eta Erdiko Txapelketa jokatzea, adibidez, zalantzan dago oraindik. Aspek eta Asegarcek gai hori jorratzeko bilera bat egiteko asmoa dute, eta gauzak behar bezala joanez gero, ez da arazorik izango.
Izan ere, Aspek eta Asegarcek beharrezkoa dute ondo moldatzea, bakoitza bere aldetik joanda ez dutelako nahi duten emaitzarik lortzen.