BAIONA
Uztaritzeko auzapez eta kantonamenduko kontseilari orokor Bernard Auroyk Baiona eta Garazi arteko tren lineari eustearen alde egin duen kanpainak Kontseilu Nagusiaren erantzuna izan du. Atzo Jean-Jacques Lasser presidenteak Auroyrekin batera eman zuen prentsaurrekoan tren linea horrekin zerikusia duten erakundeekin kolaborazioa bilatzera engaiatuko zela baieztatu zuen. Gaur egun defizitarioa eta oso gutxi erabilia den tren-linea erabilgarri eta errentagarri bilakatzeko ikerlan bat eskatuko zuela ere esan zuen Lasserrek.Orain arte trenbideak jaso duen «utzikeria estrategiaren» aurrean «birkonkistatze estrategia» aurrera eraman behar dela adierazi zuen Kontseilu Nagusiko presidenteak. Horretarako, honako erakunderen kolaborazioa bilatuko du: Estatu frantsesa, linearen ustiatzaile SNCF, trenbidearen jabe RFF, Kontseilu Nagusia, Akitaniako Kontseilua, Euskal Herriko Garapen Kontseilua eta CABAB.
Garazi eta Baiona arteko trenbidearen ustiapen egokia egiteko diru inbertsio handia beharko duen ikerketa eskatuko duela ere adierazi zuen Lasserrek. Bertan kontuan izan beharko diren ikuspegiak anitzak izango direla baieztatu zuen. Alde batetik, trenbidea eraberritzearen kostua zenbaterainokoa izanen den ikertzea, eta horren egiteko lan-sekuentzia nolakoa izanen litzatekeen. Bestalde, erabiltzaileei begira eskaintza egokia izateko tren frekuentzia nolakoa izan beharko litzatekeen ikustea. Baionako tren geltokira ailegatzeko autobusak ezartzea edo herrietako geltokien ondoan aparkalekuak egitea ere aztertuko luke ikerlan horrek.
Uztaritzeko auzapezak aparkalekuak ere eraikitzeko prest daudela adierazi zuen, eta geltokiaren jabetza argi ez dagoela esan zuen.