Joxe LASARTE eta Aritz ZERAIN | Urumea Bailara Bizirik taldeko kideak
«Erraustea babesten badute, zertarako ez daude prest?»
Diputazioaren errauste planta jartzeko kokalekuen izena eman duten guztietan bezala, Landarbaso aditu orduko erraustearen aurkako mugimenduak forma hartzen hasi dira Errenterian, Astigarragan, Hernanin eta inguruetan. Azken horretan, Urumea Bailara Bizirik izena hartu du taldeak, eta atzo aurkeztu zuten Ereñotzun. Taldeko 70 kideen ordezkari gisa aritu dira Aritz Zerain eta Joxe Lasarte.
«Aukera guztiak dira txarrak, baina, horien artean, Landarbaso da aukera onena». Halaxe aurkeztu zuen Odon Elorzak errauste plantaren kokalekua. Ados al zaudete?
Donostiako lurra den arren, handik oso urrun dago eta argi dago ez dela halako azpiegitura jartzeko leku egokiena. Beno, ez Landarbaso eta ez beste lekurik, azkenean arazoa sistema bera baita. Kokalekuaren berri eman zutenean amorrua sentitu genuen; lekua ezagututa halako azpiegitura hemen jartzeak ez badie batere axola, zer egiteko ez dira egongo prest? Uste dugu badaudela beste metodo batzuk, horietaz gutxi hitz egiten den arren.
Planta jartzeko lekuen berri eman duten bakoitzean plataformak sortu dira, eta orain milaka herritar dira mugimenduarekin bat egiten dutenak.
Gu ere horrela hasi ginen. 70 lagun bildu ginen eta kezka handia zegoela ikusi genuen. Denok dakigu zer den erraustea, baina informazio gutxi dago eta gertu tokatzean hasten gara mugitzen. Hala, ohartu ginen guk uste baino kaltegarriagoa zela, eta argi dugu kokalekua aldatzen badute ere guk erraustearen aurkako lanean jarraituko dugula, Urnietakoek, Zubietakoek eta gainerakoek egin duten bezalaxe.
Nola eragin diezaioke plantak Urumea bailarari? Hernaniko eremu kaltetuenak Epele 2,2 kilometrora eta Ereñotzu 2,4 kilometrora izango dira. Aiako Harria eta Añarbez gain, aipagarria da zenbait etxetan Landarbasotik datorren ura zuzenean hartzen dugula. Bestalde, Euskal Herrian katalogatuta dauden hiru enpresa kimikoetatik bi Epelen daude, eta errauste plantaren aurrean geratuko lirateke; bi horien kutsadurek talka egingo lukete Epele azpian hartuz, eta luzera gerta daitekeenarekin oso kezkaturik gaude.
Bideratu al dituzue kezka horiek Hernaniko Udalera?
Bilera bat eduki berri dugu, eta Udalaren jarrera eta gurea ezberdinak direla ikusi dugu. Alkatetza duen EAJ-EA koalizioak errauste sistemaren alde egiten du, eta EB eta Bildu Hernani aurka agertu dira.
Zer harrera izan du egin berri duzuen sinadura bilketak?
San Joan aurretik sortu zen hau guztia, eta hiru mila sinadura inguru bildu ditugu ordutik hona. Jendea kontzientziatzen hasia dagoela ikusi dugu eta hitzaldiak antolatu ditugu gizarteari alternatibak badaudela azaltzeko, zaborraren arazoa egon badagoelako, baina alternatiba egokiagoak eta merkeagoak ere bai.
Errenteria eta Astigarragako udalak azpiegitura Landarbason ezartzearen aurka agertu dira, baina errauste sistema ontzat jotzen dute. Nola interpretatzen duzu hori?
Errauste sistemaren eztabaida alde batera utzita daukatela adierazten du horrek, eta kokalekua dela axola zaien bakarra. Zaborraren arazoa prozesuaren hasieratik aztertu behar da, zaborraren sortzetik, alegia.
Instituzioek mila bider esan dute errauste sistemak ez duela osasunean eraginik, baina udalek ez dute gertu eduki nahi. Zergaitik?
Hori saltzen digute, baina hiriguneetatik bi kilometrora egon behar badu arriskutsua delako da. Ondoan tokatzen zaienean kokalekuaren aurka agertzen dira, eta horrek adierazten du arazoa erraustea dela. Plantak bere inguruan industria bat behar du martxan egon ahal izateko bakarrik, eta horren atzean interes ekonomikoak daudela uste dugu. Badirudi haientzat errentagarriena eta erosoena dela, ezkutatu, erre eta gorde egin daitekeelako. Beste sistema zailagoa da; etxez etxeko bilketa hasi behar da, konpostatzea, jendea kontzientziatu... Orain ez dagoen kultura bat bultzatu behar da, eta, haientzat errazagoa da munstro bat jartzea. -
|