Joly: «Euskararen alde dagoenak osatzen du euskal komunitatea»
IRUŃEA
Sarri esan ohi da euskararen ezaguerak gora egin duela, baina erabilera ez dela harekin batera igo. Soziolinguistika Klusterraren teknikari Lionel Jolyren esanetan, ordea, egoera ez da halakoa: «Ezagutza ez dela horrenbeste igo esango nuke», adierazi zuen atzo Iruńean Udako Euskal Unibertsitatearen barruan eman zuen hitzaldi batean. Eremu erdaldunetan batez ere, euskara «eskola hizkuntza» baino ez dela gaineratu zuen. «Eta hortaz, euskara leku horietara ez dela heldu esan daiteke», baieztatu zuen.Alde horretatik, euskal gizartea aldaketa handi bat jasaten ari dela nabarmendu zuen, euskal hiztunak baino «euskararen alde dagoenak» osatzen baitu, bere esanetan, euskal komunitatea. Euskaldunon artean erdaretara jotzeko dugun ohitura zabalduaren gainean ere jardun zuen Jolyk, eta hori, «gizarte harremanetan aurpegi txarrak saihesteko» egiten dugula azaldu zuen, «esparru guztietan erdara normalizatua dagoelako eta euskaldunak, aldi berean, elebidunak garelako». Guztia kontuan harturik, «ulergarritzat» jo zuen jokaera hori. Euskarak beste «arazo sakon» bat ere baduela aitortu zuen Jolyk, ordea; gure zaharrekin alderatuta, guk darabilgun euskara maila baxuagoa dela baieztatu zuen soziolinguistak. Besteak beste, halakoak ekiditeko helburuz sortu zen euskara batuak ere ez zion, ordea, Jolyren hausnarketari ihes egin. Bere esanetan, transmisioa gehienbat eskolaren bitartez egiten denez gero, hasieran alderdi formalera mugatu behar zuenak zabalkunde handiagoa lortu du. Horrek sortu ditu, Jolyren ustez, komunikatzeko ezintasunak.
|