AGURAIN
Indusketa lanetan hogeita bost arkeologo eta ikasle aritu dira, joan zen ekainaren 26tik hona. Zornoztegin egiten den bigarren kanpaina da eta egindako lanek eman dute emaitzarik: «Euskal Herrian inoiz aurkitu den Erdi Aroko herrixkarik zaharrenaren aztarnak daude».Indusketaren arduradunek atzo emandako xehetasunen arabera, VIII. mendekoa da aurkitutako herrixka, eta duela 700 urte utzi zuten bertan bizi zirenek; orain arte hutsik egon da. Araban hutsik dauden 300 herrixkatik gora ezagutzen dira, baina oraingoz ez da indusketarik egin eta ez dago horien gaineko informaziorik.
Zornoztegiko aztarnategiari esker gaur egun bizi garen herrien eta paisaien sorrera ezagut dezakegu. «Erromatarren mundua desagertu ostean, eta berrehun urteko tartearekin, Goi Ertaroan sortu dira gaur egun bizi garen herri eta guneak», azaldu zuen atzo indusketaren zuzendariak, Juan Antonio Quiros Castillok.
«Zornoztegin egindako lanei esker jakin da duela 1.200 urte sortu zela Euskal herriko herrien sarea», gaineratu zuen.
Orain arte, arkeologoek oso datu gutxi zuten era horretako prozesuei buruz horien artean Gasteizko Santa Maria katedralean eta La Llanan aurkitutakoak ez baitago idatzizko dokumenturik.
Orain, Zornoztegin ikusi ahal izan da herriak VIII. mendean sortu zirela, haien ezaugarriak eta itxura ezagutzeaz batera. «Garai hartan zehaztu ziren ereiteko lurrak zeintzu ziren, baita paisaiaren itxura ere, eta horrekin batera auzotarren arteko harremanak, tradizioak, herri festak; laburbilduz, Euskal Herriko nekazaritza gizartearen izaeraren muina», azaldu zuen.
Aurkitutako aztarnen artean harrizko eta lurrezko hiru etxe, hiru silo eta dozenaka egitura aipa daitezke. «Material ugari aurkitu dugu garai hartako eguneko bizimodua nolakoa zen erakusten diguna», esan zuen. Han bizi zirenek zer jaten zuten jakin dute, baita zeramika, ikatz eta beste hainbat elementuren gaineko xehetasunak ere.
«Orain badakigu nolakoak ziren Agurain, Gasteiz edo beste gune asko», azaldu zuen Quirosek atzo.
Agurainen, Zornoztegiko aztarnategian egindako indusketa lanak Aguraingo Udalak eta Arabako Diputazioak ordaindu dituzte, eta datorren urrirako emaitzen aurkezpen publikoa iragarri dute.
Horrez gain, 2007ko hasierarako Agurainen bertan egingo duten erakusketa ere prestatzeko asmoa adierazi dute.