ERRENTERIA
Orereta Abesbatzak, Errenteriako Andra Mari Abesbatzaren haur koruak, Pablo Maloren “La sombra de nadie” filmaren musikaren zati bat grabatu du. Kantari gazteek Aitor Amezagak Donostiako zine zuzendariaren bigarren filmerako sortutako musika kantatu dute Imanol Elizasuren zuzendaritzapean. Suspenseko filma da eta joan den udaberrian filmatu zen Lekarozeko barnetegiaren hondakinetan.
Orereta Abesbatzak joan den uztailaren 20an burutu zuen grabaketa Errenteriako Maria Donea Zeruratzea Parrokian. Zine 1 eta Media Films-eko Luis Goya eta Ainara Leundak ekoiztu dute filma eta Maria Jesus Valdes, Jose Luis Garcia Perez, Manuel Moron, Vicente Romero eta Philippine Leroy-Beaulieu dira, besteak beste, antzezle nagusiak. Emanaldiak erabat asebete zituen filmaren arduradunak.
Hau Maloren bigarren lana da “Frío sol de invierno”ren ondoren. Harekin zuzendaritza berriari zegokion Goya saria eskuratu zuen, beste hainbat sariren artean.
Abesbatza Llangollengo (Gales) koruen jaialdian izan da hil honetan beste 14 herrialdetako beste hainbat abesbatzarekin batera.