GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-07-27
Joseba Felix Tobar-Arbulu - Ingeniaria
Aresti: hiru zertzelada

Ean egon naiz. HEA Herrijeri Emon Arnasa taldekoek antolatutako bi eguneko ekitaldi ederretan. Gabriel Arestiren Etxean, konpainia on batean... Landatarrez inguraturik...

Aresti euskaltzale bai, baina abertzale ez, diote orain batzuek... Aresti benetako munstroa zen, erabatekoa. Goazen hiru zertzelada besterik ez aipatzera.

Hona ezagun batek 1970eko hamarkadaren hasieran “Neurri” izeneko isilpeko aldizkarian plazaratu zuena, «Euskaldun den poeta bati» titulupean:

«Ene poeta ezezagun hori:

Bai arrazoi duala oso! Ez diat inongo aldizkaritan hire hiztegiaren berri oraindik irakurri. Nik uste diat jesuita ez izatearekin batera, beste etiketa hori lepora botatzen diatenek, ene lehengusuaren lagunek, hots Eladioren lagunek direnak errudunak direla, zeren eta hik ongi baino hobeto esaten didaanez, ‘Españolista omen naiz, eta hori bekatu omen da Euskal Herrian.

Hala baitabiltza Euskal Herriko asto guztiak arrantzaka: puta seme, españolista, marikoia, marxista, faltsoaŠ Etiketa polita jarri didate. Digute. Honela, euskaldun irakurleengandik separatu nahi gaituzte. Intsulto-gisa erabiltzen baitute hitza, baina alegia, beti ezkutuan, beti belarrira, hitz hori horrela erabiltzea bizi garen lejislaziotik kanpoan baitago; hoiek, bere mintzairan, bi hitzak, españolista eta marxista sinonimo bezala erabiltzen dituzte, eta zertarako, eta nola (batez ere nola) esplikatu españolistentzat españolistak ez direla marxistak, eta marxistentzat espanolistak ez marxista?’

Bai, motel, ados giaudek hirekin. Hik aipatutakoa honela duk; hala ere, eta etiketa horren kontra hemen gaituk. Gaurko honetan hire alde agertzen gaituk, etiketa delako horren kontra. Hiztegia den aldetik, horretaz guk baino gehiago dakien baten bat agertuko zaiala espero diagu.

Eladio, ene lehengusua, ikusi diat Bilbotik, Donostiako beste batzuekin.

Egia esan, harekin batera Bilboko hire ezagun asko joan zituan... Lagun hoik ikusten ez badin badituk, irakur itzak “Infernuko Iluna” eta “Etsaitasuna” izeneko aldizkariak, hortik baitituk guztiak.

Hire adiskide on.

Jon Euskaldun».

Honaino lehena. Bigarrena, lagun on batena, 2005eko uztailean bidalitakoa:

«Aresti idazlea zuan. Arestik asko zekian literaturaz, euskal literaturaz batez ere: ahozkoaz eta idatzizkoaz. Arestik indar espresibo eta poetiko izugarria zian. Arestik indar komunikatibo izugarria zian idatziz eta mintzoan arazoak zizkian (eta zer!?). Aresti humanista inportante bat izan duk gure kulturan. Poeta handi bat gure literaturan (eta poeta handi gutxi zauzkaagu, oso gutxi).

Aresti oso langilea izan zuan: poesia, kantua, itzulpenak, antzerkia, narrazioak, hiztegigintza (eta hizkuntz literarioaren proposamen sendo bat, eta euskara batuaren aldeko borroka), editore lanak, artikuluak, hitzaldiak, polemikak...

Aresti eta abertzaletasuna edo ez-abertzaletasuna eta halako mamoikeriak nori interesatzen zaizkio? Zelako ergelkeriak! Aresti idazle handi bat izan zuan, eta kito. Zer axola digu Mikel Laboaren abertzaletasunak edo ez-abertzaletasunak? Deus ez (diot nik).

Arestiren obra interesatzen zaigu edo ez zaigu interesatzen?; hori da gakoa, eta ez besterik. Arestiren ahalegin literarioak interesatzen zaizkigu (niri bai behintzat). Eta bere literaturaren bitartez (eta jardun literarioen bitartez) munduari begiratzeko modua interesatzen zaigu, eta munduaren aurrean posizionatzeko bere modua interesatzen zaigu. Eta gauza guztien gainetik eta azpitik eta ezkerretik eta eskuinetik: bere poemak eta kantuak interesatzen zaizkigu. Baina abertzaletasuna? Tira, tira... ze gauza aspergarria eta kontestuz kanpokoa!»

Aresti izan da larunbat askotan gure koinatuarekin izandako elkarrizketa-puntua. Hortaz, hona hirugarrena, Andolin Eguzkitzaren bi lan desberdinetatik hartua:

«...Ez dago halandaze zalantzarik, poesia eta euskara izan ziren Gabriel Aresti idazle egin zutenak, berak hainbeste maite zuen egiaren bilaketan ezin baztertu izan zituen tresna nagusiak. Horixe izan zen beraren programa eta egitaraua. Eta ikuspegi horretatik prosa ez zen berarentzat laguntza eta tresna egoki eta zorrotz bat baizik izan. Eta halaz ere, diogun guk orain, hain miresgarri...».

«ŠGabrielen obra osoan suma daitekeena testu horretan ere agerian baitago, hain ezagutza linguistiko sakona, ezen agertu baino lehen ere, euskara batuari igartzeko gauza izan baitzen,...».

«...euskaldun jende apalak migrariz beteriko eta txabolek osatutako Bilboko auzorik erdaldunenean, euskaldun jende zikoitz, etoi eta harroaren eskuetan jasaten duen patu madarikatua. Izan ere, gai hau zehatz kokatzen ez nekikeen une batetik aurrera, baina segurutik “Harri eta Herri” liluragarria idazteko garaian ja ­1963az geroztik behintzat beraz­ benetako leitmotiv bihurtu baitzen Gabriel Arestiren idazkeran: euskaldunok herri gisa zapalduak egoteagatik ere, euskaldunon artean ere klaseak daudela, eta zapalkuntza soziala benetakoa dela euskal gizartean,...».

«...Gabriel Aresti Segurolak egiaz lortu zuela bere prosarekin eta bere belaunaldikoekin batera, Leizarragak erdietsi gura izan zuena, alegia, tradiziotik ateratako hizkuntza sendoa eta trebea etorkizuneko euskaldun guztien eskura jartzea ­gure eskura jartzea­ inoiz edo behin euskara eta euskaldunon herria arrisku eta larriminik gabe bizi daitezen menderen mendetan».

«Gabrielek bere eskuzabaltasun neurrigabeaz, inor ez izateko arriskutan sartuta ­nork ezagutuko zukeen, bada, euskaraz idatziko zuen gizon gazte oldarkor hura?­ euskara hartu zuen eta Axularrek bezala trebe, duin eta bitore egin. Eta euskaldunoi duintasuna ostera ere ekarri, harro sentiarazi. Bilbon ez dagoen gazteluko dorrean 150 bat urte igaro eta gero euskararen bandera jarri zuen berriro ere. Izan ere, hori da nire aburuz Gabrielek egindako ekarrien arteko garrantzitsua den bat, argi eta garbi uztea euskaraz idatz zitekeela, euskaldun jendeak era praktikoan duintasuna bazeukala aldarrikatzea, euskara, Lizardik esperatzen zuen legez, noranahikoa ere bazela».

«Gabriel Aresti ez zen plangintzatzaile linguistiko bat izan, ez zen euskaltzale adoretsu bat bere hizkuntzaren alde burrukatu zena, eta ez da hori, jakina, gaur hona ekartzeko arrazoia, zeharka hori izatea halaber egokitu bazitzaion ere. Hori baino askozaz ere garrantzitsuago den zerbait izan zen Gabriel, bizitza guztia izan gura izan zuen zerbait, eta zalantzarik gabe erdietsi zuena: idazlea izan zen. Eta ez nolanahikoa. Baina bere bihotzari bezala, modu bere- an zeukan justizia-zentzu zorrotzari fidel, euskal idazlea izan zen, horretarako hainbat ahalegin eta joran egin behar izan arren, hainbat mespretxu eta destain jasan behar izan arren, eta oroz lehen, garai hartan, euskara zegoen moduan, bere idazle izatea bera arriskutan jarri behar izan arren».

«Gabriel Aresti euskal literaturaren historian izan denari eta daukan garrantziari oratu beharrean gaude, euskalduna zelako, euskal idazlea zelako, baina gainera euskal idazle handi bat izan delako».

«Alde batetik, azpiegitura linguistikoaren ikuspegitik: urteak falta ziren euskara batua izanen zena gauza zedin, baina horretara eramanen gintuzkeen bideak zabaltzen hasiak ziren. (...) Eta hor agertzen zaigu Gabriel bat-batean jaun eta jabe. Horretarako ez da 1955-59 bitartean idatzi Maldan behera besterik begiratu behar: euskara batuan idatzita dago, ‘Lizardia’ deritzon zatiaren lehen hiru ahapaldiek ederto asko erakusten duten legez».

«Hitzaldietan benetako maisua zen Aresti. Izan ere, ez dut inoiz ahantziko, Franco hil aurretik, halakoak egin ahal izatearen truke Euskal Kultur Mintegian genbiltzan ikasleok ginenean Deustuko Unibertsitateari euskal munduaren aurrean aurpegia garbitzen genionak, antolatu genuen hitzaldia, Gabrielek hil baino bost bat hilabete lehenago eskaini zigun mintzaldi gogoangarria: Joane Etxeberri Sarakoaren sentimendu soziala eta kontzientzia nazionala. Hona, erakusgarri eder, esanikoetan bat, laburra bada ere: ‘Bai, Etxeberri Sarakoa burjes bat, baina ez burjes erdaltzale eta bere nazioaren etsai bat, euskaldunen artean hain sarri eta maiz ikusten ditugun hoietatikoa. Ez, euskaldun burjesia nazionalean parte hartu zuen zintzoki eta prestuki, batere enganiorik gabe. Zeren gauza guztien gainetik, Etxeberri patriota bat izan zen, abertzale bat’».

Aresti ez zela abertzalea? Hik erantzun. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Ekonomia
Al menos 54 trabajadores han perdido la vida en accidente laboral en Euskal Herria
Mundua
La ONU pidió diez veces a Israel detener los ataques que mataron a sus observadores
Iritzia
Israel, envalentonada
Ekonomia
BBVA aumenta un 84% el beneficio neto hasta junio
Euskal Herria
«Epaiketak gelditu eta artxibatu behar dira», exijitu du 18/98+ lan taldeak
Euskal Herria
Nafarroa gatazkaren parte dela nabarmendu dute NEBk eta Batasunak Iruñeko hitzorduan
Euskal Herria
PNV y PSE observan condiciones para constituir la mesa en otoño
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss