GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-07-27
Jon MAIA | Apaizac Obeto espedizioko kidea
«Gure ondareaz gutxiago kezkatu gara euskaldunok beste herrialdeak baino»
Duela bost mendeko euskal arrantzaleen bizimodua ezagutu eta errepikatzea zen Beothuk ontziarekin egindako bidaiaren helburua. Lortu dute. Ternuako uretan ibili dira espedizionarioak, garai batean bezala, orduko arropen antzekoekin eta lehengo tresna eta jaki haien modukoak eskura zituztela. Esperientzia aberasgarria izan dute.

Jon Maia zumaiar bertsolaria liluratuta itzuli da Ternuako uretan egindako espediziotik. Haren iritziz, esperientzia ikaragarria izan da; alderdi asko izan dituen esperientzia. Batetik, nabigazioa bera, paisaia desberdinak eta probintzia desberdinak, ibaia eta itsasoa, irlak, euskal aztarnak bilatuz ibiltzea... Hango herriarekin izandako kontaktua ere zoragarria iruditu zaio.

­ Nolatan sartu zinen espedizioan?

Xabier Agotek deitu zidan espedizioaren berri emateko. Kontatzen ari zitzaidan neurrian, nik ere berdin pentsatzen nuela ohartu nintzen. Itsasoa asko gustatzen zait, arraunean ibilia naiz eta baziren lauzpa-bost urte Ternuako kontuak irakurtzen ari nintzela. Gainera, bertsolari bat behar zuten kronista izateko. Argi zuten. Proposatu zidanean, kasualitatea ezin zitekeela izan pentsatu nuen. Niretzat ia mitiko zen lurralde batera iritsi ahal izan naiz. Arraunean, Ternuaraino.

­ Nolakoa da topatu duzuen jendea?

Hura beste gizarte bat dela konturatu gara. Beharbada, gureak baino errezelo gutxiago duen gizartea. Lasaiago bizi dira eta jendea oso-oso eskuzabala izan da, gurea baino gehiago. Segituan euren etxeetako ateak zabaltzen dizkizute. Bere sustraiei garrantzi handia ematen dion gizartea da.

­ Euskal mundu txiki haren aztarna asko topatu dituzue, baita euskararenak ere.

Edozein pertsona xumek badaki euskaldunen kontu zaharren berri. Adibidez, Ternuan, iritsi ginen lehenengo portuan, han zebilen arrantzale bati euskaldunak ginela esaterakoan, Ternuara lehenengo txakurrak euskaldunek eraman zituztela kontatu zigun. Euskarari dagokionean, toponimian eta zenbait hitzetan ere adibide asko topatu ditugu. Esaterako, han denek “txalupa” esaten dute. Denek dakite bereizten, ez dute esaten batela edo beste ontzi izen bat.

­ Ontzien inguruko teknologian euskaldunetaz ikasi zuten herri gehienek. Euskaldunak beti aurretik al goaz?

Beti... kar-kar... Nik uste dut orain atzetik goazela, gauza gehienetan. Esaterako, gure ondareaz gehiago kezkatu dira Kanadan hemen baino. Kanadako Gobernuak milaka dolar inbertitu ditu, euskal galeoi bakar bat aztertzen. Bidaia honetan gehiago konturatu gara, dena den, Euskal Herriaren itsas historiak munduko lehen mailan kokatzen gaituela. Gure itsas historiak ez du ia parekorik beste herrietan.

­ Anekdota bereziren bat?

Egun batean bakailao bat tripatik helduta harrapatu genuen, zain egon gabe. Gero, portura iritsi ginenean, hori krimena zela esan ziguten. Urtean bi aste bakarrik dituzte baimenduta bakailaoa arrantzatzeko. Denon artean, euskaldunak barne, erraustu egin dugu hura. Azkenean, ezkutuan jan genituen. Hondartzara joan eta han egin genituen arrainak, pinu adar batzuen artean sartuta.

­Joan baino lehen, idaztea bidea egitea baino errazagoa izango zela iruditzen zitzaizun. Azkenean hala izan da?

Kar-kar. Azkenean bidea egitea izan da niretzat errazagoa. Arazo gehien eman diguna teknologia izan da. Arazo gutxien eman diguna Beothuk izan da, XVI. mendeko txalupa artisaua. Komunikazio kontu guztiak, telefonoak, Internetek... eman digu askoz ere buruko min gehiago nabigatzeak baino. Askotan aipatu genuen hori nabigazioan zehar. Xelebrea izan da.

­ Asko aritu zara bertsotan bidaian?

Bai, asko egin dugu bertsotan eta kantuan. Euskal kantutegi guztia eta gehiago kantatu ditugu eta hango jendearen etxeetan berekin kantatzeko aukera asko izan ditugu.

­ Eta hona gai eta gogo asko ekarri duzu?

Alferkeria pixka bat daukat. Nire kide guztiak zorroztuta egongo dira, jateko asko eman diedala uste dut. Bertsotan hasten naizen egunean, gaia behin baino gehiagotan agertuko dela badakit, baina badaukat gogoa hasteko ere.

­ Zein doinu jarriko zenioke egindako espedizioari?

Beharbada, haizea dator iparraldetik.

­ Zergatik?

Munduaren iparraldera joan garelako eta konturatu naizelako marinela haizearen menpean bizi dela. Haizea beti obsesioa zen. Nondik dator gaur haizea?Nora doa?Aldakorra dago? Haizerik gabe arraunean egin behar da eta haizea kontra edukiz gero, askotan ezin ginen irten. Haizea eta iparra lortzen dituen bertso doinua badago. Munduaren iparralde hori ezagutu dugu eta haizeak eraman gaitu. Gainera, txalupan asko-asko kantatu dugu, kantu hori ere bai.

­ Zer eman dizu espedizioak?

Bizitzaren oinarrizko gauzak baloratzen ikasi dut. Konturatu naiz zergatik Eguzkia Jainkoa izan den jende askorentzat. Eguzkia ateratzen denean eguna jada egina dagoela konturatzen zara: lehortu egiten zaitu, gozatu... Janaria edukitzea baloratzen, geneukan horrekin moldatzen ere ikasi dut. Gauerako aterpe bat bilatu behar izateaz eta horrek duen garrantziaz ere ohartu naiz. Kalean eta pateran dabiltzan horiekin askotan gogoratu naiz. Nik 50 egun egin ditut horrela, beste askok eguneroko ogia du.

­ Eta zuk espedizioari?

Ni txalupan behe-mailako tripulatzailea izan naiz, besteek bazekiten nabigatzen. Nik ez, ordea. Oinarrizko gauzak egiten laguntzen nuen, bakoitzak gure zereginak genituen. Ordu asko ere bete ditut kantari. Inprobisatu ahal izateak badauka bere abantaila. Ahal nuen guztian laguntzen eta ikasten saiatu naiz. Abentura handia izan da. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Ekonomia
Al menos 54 trabajadores han perdido la vida en accidente laboral en Euskal Herria
Mundua
La ONU pidió diez veces a Israel detener los ataques que mataron a sus observadores
Iritzia
Israel, envalentonada
Ekonomia
BBVA aumenta un 84% el beneficio neto hasta junio
Euskal Herria
«Epaiketak gelditu eta artxibatu behar dira», exijitu du 18/98+ lan taldeak
Euskal Herria
Nafarroa gatazkaren parte dela nabarmendu dute NEBk eta Batasunak Iruñeko hitzorduan
Euskal Herria
PNV y PSE observan condiciones para constituir la mesa en otoño
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss