Mikel Uzkudun - ESAITeko kidea
Euskal txirrindulariak non, euskal zaleak han
Lehenik eta behin, bene-benetan, eskerrak eman nahi dizkiegu euskal txirrindulari zaleei, emandako erantzuna, beste behin ere, eredugarria izan delako. Milaka eta milaka izan ziren Pirinioetako bi etapetan errepide bazterretan pilatu ziren euskal txirrindulari zaleak, eta izandako oztopo, zailtasun eta debekuei aurre eginez fin, leial eta beti bezain zintzo erantzun zuten. Asko izan dira, ondorengo egunetan, igorri diren mezuak, kanpaina eta guzti, zaleen portaera zela-eta, zalegoa (osoa) susmopean jarriz. Beharrik gabe, gure uste apalean, eta oraingo honetan ere, euskal zalegoak ongi asko erakutsi zien agintariei, bai Tourrekoei bai hemengoei, konfiantza apur bat gehiago izan behar dela berengan, baina zilegi denean protesta egin eta haserrea agertzeko ere prest dagoela. Euskal zalerik ez bazen izan bi etapa horietan, munduko karrerarik onena deiturikoak, zer irudi erakutsiko zukeen Pirinioetan? Irudi horiek, zalerik gabeak, alegia, agintari horiei igorri beharko litzaizkieke, horretaz jabe daitezen eta hausnar dezaten. Gurean, Euskal Selekzioaren aldeko bizikleta martxan eta festan ere erantzun ezin hobea erakutsi zuten euskal txirrindulari zaleek, beti bezain zintzo eta leial erantzunez. Oztopoak oztopo, zailtasunak zailtasun, eta debeku guztien gainetik eta zinez diogu ez zela batere erraza izan ez Soudet gainera iristea ez Santa Graziko bizikleta martxaren abiapuntura nahi adina hurbiltzea, kotxez bederen, eta dezente izan ziren, oztopo horiek medio, bai batera bai bestera ordurako iritsi ezinik ibili zirenak. «Ahulari ahuldadea», dio esaera zahar batek, baita guri ere. Horrela, uztailaren 11ko festan eguraldi kaskarra baino kaskarragoa egin zigun, eta festa-gunera nahiko jende joan bazen ere, euria eta behe-lainoa na-gusi izan genituen. Hala ere, oso giro jatorrean eta animatuan eman genituen bizpahiru ordu han bildutakoek. Hurrengo eguna itxaropentsuago azaldu zitzaigun, eguraldiari dagokionean, baina martxa ireki behar zuen motorrari ez zioten pasatzen utzi. Hala ere, ordezko motorrari esker, abiatu ahal izan ginen Santa Graziko eleixatik, parte hartzaile bakoitzari bere dortsala eta jendartean banatu beharreko orri adierazleak eman ostean, hamarrak minutu gutxi zirela. Lehen maldak oso gogorrak dira, beraz, berriketarako gogo gutxi. Berehala konturatu ginen tropela handituz zihoala, izandako arazoak medio, atzetik zetozenek bat egiten baitzuten gurekin, eta aurretik, beldurrez edo, abiatutako beste batzuk harrapatzen genituelako. Horrela, orri adierazleak banatuz, aldarrikapen oihu batzuk botaz eta hiru atsedentxo eginez, 12:00ak aldera Soudet gainean ginen, Santa Grazin abiatu eta bidean elkartutako ia tropel osoa elkarrekin. Ohiko harrera beroa izan genuen zaleengandik, eta komunikabide batzuetakoak ere bertan ziren, ekimenaren amaiera jaso eta horren berri emateko, zuzeneko konexioen bidez batzuek, albistegietan beste batzuek eta hurrengo eguneko egunkarietan gainontzekoek. Tourra dela-eta, VI.a da gure ekimen hau, eta leku bat egina du euskal txirrindulari zaleen artean. Hain zuzen ere, gure ekimenaren arrazoiak eta helburuak ondo baino hobeto dakizkitelako. Horregatik, urtea joan eta urtea etorri, bat egiten dute ekimenarekin. Beraz, pozik egoteko moduan gaude, eta ekimenaren balorazio ona egiten du ESAITek, izandako arazo guztiak gaindituz, antolatutakoa duintasunez burutu ahal izan dugulako, zaleen laguntza eta parte hartze estimagarriarekin. Ekimena bera Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldekoa izanik ere, ESAIT-en epe motzeko erronka Federazio Naz jartzea da; horregatik «Bizikleta gainean, Federazio Nazionalak abian» leloa. Eta, oraingo honetan, bistan denez, Euskal Herriko txirrindularitza federazio nazionala izango litzateke helburua. Hala ere, bien bitartean, hainbat urrats eman ahal direla uste dugu, euskal txirrindularitza profesionalaren maila ikaragarria kontuan izanik. Beraz, hain zaila al litzateke Euskal Herriko profesional mailako txirrindulari proba antolatzea? Hamabostetik gora txirrindulari ibili dira Tourrean, beste 50en bat etxean edo beste probetan parte hartzen, eta, horiez gain, «elite» deituriko mailan ere badira hainbat txirrindulari, 70-80ko tropela osatuko luketenak. Txapeldun bat baino gehiago badabil tropelean, beren Estatuko maillota soinean, gurea baino txirrindulari maila eskasagoa duen herrialdea ordezkatzen. Euskaldunak, zergatik ez? Espainiakoa edo Frantziakoa eramaten jarraitu behar al dute euskal txirrindulariek? Noiz arte? -
|