GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-08-02
Aiako Harriko lurpeko paisaia margotu du Juan Luis Goenagak «Arditurri»n
Oiartzuarrak gaur hasiko dira Xanistebanak ospatzen, eta atzo eguerdian, herriko plazan festen hurbiltasuna dagoeneko nabari zela, udaletxe barruan «Arditurri» erakusketa aurkeztu zuen Juan Luis Goenagak. Aiako Harriko lurpeko paisaia irudikatu nahi izan du artista donostiarrak, eta, erromatarren garaiaz geroztik ustiatu diren meatzuloetan inspiraturik, bere hastapenetara itzuli da. «Meategiak barrutik ezagutu eta ia nire hasierako lanak bezalakoxeak direla ikusi nuen», esan zuen.

OIARTZUN

Hamazazpi dira, guztira, Oiartzungo udaletxeko areto nagusian atzotik ikus daitezkeen Juan Luis Goenagaren margolanak. Gehien-gehienak mihise gaineko olioak dira, baina badira pastel eta paper gaineko marrazki batzuk ere. Guztietan, alabaina, kolore gorriak, nabarrak edota beltzak dira nagusi, nahiz eta, sarri, horien iluna marra hori batek aldez alde urratzen duen, meatzari baten kriseiluaren argiak Arditurriko galerietako iluna urratuko lukeen bezala. Izan ere, margolanotako zenbait izenburuk ­“Lucerna”k kasu­ horixe ematen du aditzera.

Xanistebanak direla-eta, urtero, arte erakusketa antolatzen du Udalak. Aurten Goenagari egin zion proposamena, eta artista donostiarrak gogotik jardun du azken hilabeteotan Arditurriko inguruak inspiraturik.

«Batez ere paisaiak margotzen ditut nik, eta, erakusketa prestatzeko eskatu zidatenean, bi aukera nituen: Aiako Harriaren paisaia gainetik ala lurpetik margotu. Bigarrena aukeratu nuen», esan zuen Goenagak.

Arditurrik aspaldi erakartzen omen zuen. Gainera, alde batetik, Udalaren proposamena jaso zuen, eta, bestetik, arrebaren bitartez Mertxe Urteaga Arkeolan eta Oiasso Museoko zuzendaria ezagutzeko aukera izan zuen. Hortik aurrera, dena maldan behera joan zitzaion. «Mertxek meategiak barrutik erakutsi zizkidan, eta berehala konturatu nintzen nire lehen garaiko margolanak bezalakoxeak zirela. Alde horretatik, lan honek nire historiaren zati bat berreskuratzeko aukera eman dit», adierazi zuen.

Goenagak ohi duen bezala, “Arditurri”n paisaiak dira nagusi, nahiz eta kasu honetan lurpeko paisaiak izan. Oso materikoak dira. Tarteka, collage moduan, burdina sare puska bat edo zapi bat gehitu du artistak. Irudi abstraktuak diren arren, figura, nola edo hala, antzeman daiteke, hori ere Goenagaren ohiko bideari jarraituz.

“Arditurri” udaletxeko areto nagusian ikusi ahal izango da abuztuaren 15era arte. Goizez, 11etatik 14ak arte; arratsaldez, berriz, 17etatik 21ak arte.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
El futuro de Cuba se decide en la isla
Jendartea
Críticas a la actuación de los vigilantes de seguridad del metro en Algorta
Mundua
Israel prosigue con su agresión, en la que ha matado a un millar de libaneses
Kirolak
Se presentará un recurso ante el Tribunal Constitucional
Mundua
Fidel Castro delega sus cargos a causa de una operación quirúrgica
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss