BERMEO
Bermeoko Nazioarteko XXI. Musika Astea atzo jarri zen martxan Andra Mari elizako lehenengo kontzertuarekin. Doppler Hirukoteak eman zion hasiera larunbatera arte iraungo duen egitarauari. Gaur Iturriaga Quartett arituko da agertoki berean, arratsaldeko zortzietatik aurrera. Iturriaga laukotea Aitzol Iturriagagoitia, Iokine Iturriagagoitia eta Miguel Angel Lucas biolin-jotzaileak eta Rebekka Riedel biolontxelo-jotzaileak osatzen dute. 1996. urtean sortu zen, Leipzig-eko Hochschule für Musik und Theater Felix Mendelssohn Bartholdy deritzonean.
Azken urteotan taldeak kontzertu-jarduera handia izan du nazioarteko areto eta jaialdietan. Nazioarteko esperientzia ez ezik, Iturriaga laukoteak izaera propioa hartu du. Errepertorio klasiko eta erromantikoarekin batera, taldeak XX. mendeko musika interpretatzen du.
2000. urtetik aurrera Isang Yun elkartearekin batera lan egiten du. 2001ean Martin Spangenberg eta Heinz Hollinger musikari handiekin aritu zen ‘‘Isang Yun’’ nazioarteko simposiumean. Azken horrekin eta Ensemble Modern-ekin elkarlanean Ekialde Urruneko hainbat aretotan eta jaialditan jardun zuen 2003an.
Etzi Bermeoko Abesbatzaren txanda izango da. Jose Ramon Rementeriak zuzentzen duen taldearena, alegia.
OstiralerakoErrusiako Herri Instrumentuen Zilarrezko Sokak Orkestraren errezitaldia iragarri dute eta Pirineos Jazz Orchestrarena larunbaterako. Lameran izango den agerraldi horrekin amaituko da musika jaialdia, gaueko hamarretan.