BILBO
EHNE sindikatuak eta Bizkaiko Foru Aldundiak batzarra egin zuten atzo goizean uztailean Bizkaian izandako ekaitzen harira. Bileran kalteak baloratzearen beharra eta laguntzak hitzartzea ere hitz e gin zuten. Sindikatukoak pozik irten ziren bileratik, bi aldeen jarrerak nahiko hurbil baitzeuden. Lehenengo adostu zutena kalteen balorazioa egin beharra izan zen. Epe motzera, uztailaren 4an eta 19an izandako haize bolada eta kazkabarrak sortutako ondorioak baloratuko dituzte. Ondorio horiek produkzioari dagozkionak dira.
Azpiegiturari dagokionez, aurtengo laguntza plan berriaren barruan neurriren bat izango da kalte horientzat. Horrela jendeak galeren dokumentuak aurkeztu ahal izango ditu, eta planaren bitartez laguntzak jaso.
Baina, hemendik aurrera, aldaketa klimatikoa gero eta nabariagoa izango da, eta horrelako neurriek aurrerantzean ere jarraipena izan dezatela ere eskatu zuten nekazarien sindikatuko ordezkariek. Horregatik, Foru Aldundiak irailerako eta EHNEk bere aldetik bakoitzaren proposamenak prestatuko dituzte gai horren inguruan, baita aseguruen arazoa saihesteko ere.
Aurretik, ostiralean, ENBA laborarien sindikatuak ere izan zuen Aldundiarekin biltzeko aukera. Azken horrek nekazari eta baso sektorerako laguntza plana martxan jarriko duela ziurtatu zien.