GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-08-02
Baionako Bestak
Xuri eta gorri koloreak nagusitu dira egun bateko beherapen erraldoietan
Baionako jaien bezperan, tradizioak azken urteotan finkatu duen bezala, saltzaileen eta erosleen eguna antolatu ohi dute. Atzo, berriz ere, Braderie merkatu erraldoia herriko karriketan hedatu zen. Eta, eguraldi motela izanagatik ere, erosle ugari erakarri zituen. Halere, jaiak gaur gauean hasiko direla-eta, xuri eta gorri jantziak saldu ziren atzo gehienbat. Ostalariak eta jatetxeak biharamuneko jaien uholdea jasotzeko prestakuntzetan aritu ziren.

BAIONA

Lapurdiko hiriburua xuriz eta gorriz jantzi zen atzo Braderie-ri esker goizeko zortzietatik arratseko zazpiak arte. Baionako jaiak arras hasiak ez baziren ere, urteroko tradizioari eutsiz saltzaileek beren besta berezia ospatu zuten atzo, eta merkatu erraldoia herriko karrika guztietan zabaldu zuten.

Denetarik aurkitzen ahal zen atzo kaleetan, baina, kamiseta, gerriko eta galtza xuri eta gorriak nagusitu ziren. Gaur arratsean abiatuko den jai giroari aurre irudi bat eman zion Braderie horrek, beraz, eta eguraldi motela izan bazen ere, saltzaileek erosle ugari izan zituzten. Kamisetak nagusi ziren, eta bertaratu zirenek horiek zituzten bereziki erosi nahi izan.

Baina, horiekin batera, merkealdi izugarriak eskaintzen zituzten beste hainbat mozkin preziatzeko aukera ere izan zuten. Eskuko ordulariak 5 eurotan, jantziak 7 eta 10 euro tartean... Espaina karrikan hasi eta herriko etxera arte karrika guztiak saltzaileen mahaiz bete ziren.

Kanpotik etorritako saltzaileen bitxikeriak ere baziren tartean. Horien artean, batek bare antza zuen plastikozko panpin ibiltari bat 5 eurotan salgai jarri zuen. Baina, horietatik kanpo, beste mozkin arrunt asko ere aurkitzen zen. Zakuak, jantziak, tapizak, apaindurak eta diskoak: gustu eta prezio guztietarako zeuden.

Braderieak urtero erakartzen dituen milaka erosleren presentzia baliatuz, elkarteek aldarrikapenak egiteko hautua egin zuten. Hala, besteak beste, Bateraren 46.000 izenpetzeen kanpainak udan ere jarraitzen duela oroitarazteko, herriko hiru gunetan izenpetzeko lekuak zeuden.

Ostatuak eta jatetxeak lanean

Egun bateko beherapen erraldoi horretatik at, handik gertu, gaur hasiko diren Baionako jaien prestakuntzetan ari ziren ostatuak eta jatetxeak zeuden. Azken horiek, izan ere, jaietarako menu bereziak jarri zituzten jatetxeetako ateetan.

Prezioak urteko beste sasoiekin konparatuz bi euroz gora jarri zituzten. Ostatuek, berriz, ateak itxita zituzten bestetako apaindura bereziak jartzeko. Alkoholez beteriko kamioiak etengabe aritu ziren Baiona Ttipiko karrikak zeharkatzen lau egunetan joango diren bestazaleen egarria asetzeko.

Beste urteetan bezalaxe, ostatuetan kanpoan barrak jarri zituzten gehienek. Eta, betiere tradizioari eutsiz, bestazaleak beren ostatuetara erakartzeko musika zaratatsua karriketan hedatzeko tresneria paretetan jarri zuten. Dena prest zegoen atzo, beraz, bost eguneko jende uholdea jasotzeko. Izan ere, jaiek urtero milaka lagun elkartzen badute ere, horietarik asko kanpotik joandakoak izaten dira, Baionako herritar gehienek herriko besten astea baliatzen baitute kanpora oporretara joateko. Halere, atzo gauean entzuten ahal ziren jadanik bestazale batzuk, herriko errugbi taldearen abestia kantatzen karriketan bestari ongietorria behar bezala egin nahian.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
El futuro de Cuba se decide en la isla
Jendartea
Críticas a la actuación de los vigilantes de seguridad del metro en Algorta
Mundua
Israel prosigue con su agresión, en la que ha matado a un millar de libaneses
Kirolak
Se presentará un recurso ante el Tribunal Constitucional
Mundua
Fidel Castro delega sus cargos a causa de una operación quirúrgica
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss