Leon erregea bost egunez herriko jaun eta jabe
·Gaur arratseko hamarretan hasiko dira jaiak, eta bost egunez animazio ugari izango da herrian
BAIONA
Besten irekitzea finkatzen duen Leon erregearen iratzartzea itxaroten zuten atzo jadanik bestazale ugarik. Baina, gogoa izan arren, gaur arratseko hamarrak arte itxaron beharko dute errege koloretsu eta erraldoi horren jarlekua ikusteko. Herriko etxearen balkoian kokatua, aurtengo gonbit nagusiak zinegotzi eta bertsolariz inguraturik herriko gakoak botako ditu bertatik.Milaka ikusle elkartuko da, berriz ere, Leon erregea agurtzeko, eta ondotik Mascleta eta su artifizialen ikusgarria ikusten ahalko dute. Ekitaldi nagusia burutu bezain laster, goizeko hirurak arte, orkestra eta ostatuetako musiken doinuak nagusituko dira herriko karriketan. Jaiak, berez, ostegunean hasiko dira. Gaiteroak, txistulariak eta trikitilariak goizeko bederatzietan hasiko dira musika jotzen, eta, hamarretan, herriko etxera arte erraldoien eta haurren danborradaren desfilea izango da. Orai Bat elkartearen erraldoien Kabalkadak jarraituko dio, eta hamaikak eta laurdenean gezurrezko zezen batek lagundurik entzierro txikia eginen dute. Eguerdian agertuko da, berriz ere, Leon erregea, herriko etxearen balkoian bestazaleei ongietorria egiteko.
Piper tortilla txapelketa Egitarau hori jaiek iraunen duten bost egunetan goizero errepikatu eginen da. Eta, goizero, xuri eta gorriz jantziriko ikusleak udaletxeko balkoian elkartuko dira ikusgarria ikusteko. Hala eta guztiz ere, egitarau ofizial horretatik at, beste animazio eta ikusgarri ugari agertuko dira egunean zehar Baiona Ttiki eta Handiko karriketan.
Eta, gaur, jaiak arras irekiak ez izan arren, zenbait hitzordu finkatuak dira. Hala, goizeko bederatzietan hamabi kilometroko bestazaleen lasterketa abiatuko da Biarriztik Baionara arte.Ondotik, piper tortillaren munduko txapelketa eginen dute herriko merkatuan. Eta, azkenik, zortzietan, Baionako harmoniaren emanaldia izango da, eta ordu berean, Baionako jaien pilota txapelketa abiatuko da.
|