BIARRITZ
Biarrizko irudiaren inguruko kultura-egituraren muinean sartuko da Ipar Euskal Herriko goi mailako arte ikasketen lehenbiziko diploma izanen dena. Biarritzek irudiari garrantzi handia ematen dio. Hori baieztatzeko, Herriko Etxeko Kultura Sailak antolatzen dituen Zinema Latinoamerikarreko jaialdiari, FIPAri edo Argazki eta Bideo jaialdiari begiratzea besterik ez dago.
Hezkuntzan ere, arteak eta irudiak presentzia handia dute Lapurdiko kostaldeko hiri horretan. BABko (Baiona, Angelu eta Biarritz) eta Euskal Herriko arte eskolak arrakasta handia lortzen du urtero goi mailako arte ikasketak egin nahi dituzten ikasleak onarpen probetarako prestatzen. Izan ere, urtero bertan ikasten duten ikasleen %100 eta %95 inguruk lortzen dute goi mailako eskoletan sartzea. Baina eskolak berak ez du horrelako ikasketarik eskaintzen.
Egitasmoa bidean dago BABko hiri elkargoak eta Kultura Ministerioak egin duten elkarlanari esker. Azkeneko horrek irudiarekin lotua izanen den Arte eta Teknika Diploma nazionala (DNAT) eskainiko du. Hiru eta bost urte artean iraungo duten ikasketen programa-pedagogikoa Estatu frantsesak ezarriko du. Baina Pascal Convert-ek garatuko du programa. Goi mailako ikus-entzunezko teknikarien irakasle eta artista ezagun Convert alderdi teknikoa eta artea elkartzen saiatuko da Biarritzen emanen dituzten arte ikasketen programan. Haren proposamena Kultura Ministerioak balioztatu beharko du ondoren.
Arte ikasketen egoitza hiriko toki estrategiko batean jarriko dute. Duela gutxira arte musika eskola zen Jules Ferry auzoan dagoen Rocailles lizeoan, hain zuzen ere. Kokagune aproposa da; izan ere, goi mailako argazki teknikarien eskolaren ondoan baitago eta handik hurbil baitaude ere bai ikus-entzunezko teknikarien eskola eta mediateka. Azken horretan arte eskolak irudiari eta zinemari buruzko ikastaroak ematen ditu normalean.