DONOSTIA
Izeta II.ak ez zuen hutsik egin, eta atzo Igeldo Harria lehiaketa bereganatu zuen. Bost minutuko txanda bat izaten dute 134 kilo pisatzen dituen Donostiako itsas harri baldar horrekin lanean aritzeko.
Aiarra zen faborito, eta lan bikaina egin zuen. 17 jasoaldi eman zizkion, eta garbi utzi zuen bera gainditzea oso zaila izango zela. Goenatxoren aurretik aritu zen lanean, baina Azkoitiarrak 18 eman beharra zeuzkan, eta garbi zegoen oso zaila izango zuela azkoitiarrak aiarra gainditzea. Horrelaxe izan zen, 14an geratu baitzen, eta horrekin bigarren postua lortu zuen.
Hirugarrenerako lehia handia iragartzen zuten Izeta III.aren eta Elosukortaren artean, eta horrelaxe izan zen, bakoitzak hamarna jasoaldi eman baitzizkion. Baina hirugarren postua aiarrarentzat izan zen, horrek azkoitiarrak baino kilo gutxiago pisatzen baitu. Aiarrak, gainera, jasoaldi bat ustela eman zuen.
Telleria II.ak ere lan bikaina egin zuen zortzi jasoaldi emanda, eta beretzat izan zen bosgarren postua. Lertxundi ere ez zen gaizki aritu, eta zazpi jasoaldirekin konformatu behar izan zuen.
Mikel Lasarteren datua ere bitxia izan zen; bi jasoaldirekin konformatu behar izan zuen, baina lau ustel egin zituen. Egoera bertsuan gertatu zen Telleria III.a ere, jasoaldi bat eman baitzuen baliagarria, baina lau ustel egin zituen.
Izeta II.a gustura zegoen saioaren amaieran: «Uste dut oso lan ona egin dudala. Oso gustura aritu naiz». «Denborarekin apur bat nahastu gara, eta ezin izan diot jasoaldi bat gehiago eman, baina uste dut banuela horretarako aukera», erantsi zuen aiarrak.
Sailkapena