Euskara erabili nahi izatea garestia da; hizkuntza eskubideak urratzea, aldiz, merkea». 2005eko txostena aurkezteko Hizkuntz Eskubideen Behatokiak komunikabideen aurrean erabilitako esaldiak primeran laburbiltzen du Justizia Administrazioan gure hizkuntzak egun bizi duen egoera lotsagarria. Eta oso kezkagarria, ez bakarrik administrazio publikoa euskalduntzeko urratsik murritzenak egin dituen arloa delako, baizik eta gero eta gutxiago erabiltzen delako euskara Justizia Administrazion.
Datuek, behintzat, EAEko epaitegietan euskararen presentziaren beherakada nabarmena baieztatzen dute: iaz 1.252 dokumentu bideratu zituzten euskaraz (2000 urtean, 2.943) eta 118 itzultzailek parte hartu zuten epaiketetan (duela sei urte, 323). Gainera, euskaraz egindako adierazpenen kopurua ere jaitsi da azken sei urteotan: 465etik 104ra.
Borondate falta, akaso? Ez. Atzerapausoaren arrazoiaz galdetzerakoan bai Justizian Euskaraz Elkarteak bai Euskal Herrian Euskaraz-ek emandako erantzuna ere ezin hobea da: «Lege batek ez du ezertarako balio praktikan euskaraz hitz egiteko eskubidea ez bada bermatzen...». Beraz, argi dago ardura Justizia sistemari berari egotzi behar zaiola eta eskaintza eskasak eta lotsagarriak baldintzatzen duela herritarren eskaera.
Ezin da ahaztu oraindik asko falta dela eremu publikoetan hizkuntza egoera orekatua lortzeko eta hutsune horrek eragin zuzena batez ere, ondorio kaltegarriak duela herritarren erabakian. Jakin badaki denbora luzea egon beharko duela ilara batean gaztelaniazkoan baino askoz ere luzeagoa eta akaso funtzionarioarekin eztabaida izango duela leihatilara iritsi eta gero. Jipoi bat jasotzeak ere ez luke harrituko. Ezta iraintzeak eta atxilotzeak ere, azken denboraldian hizkuntza eskubideen aldeko ekintzaileen aurkako «jauzi errepresiboa» kontuan izaki. Horrez gain, badaki euskara aukeratzeagatik prozesu judiziala atzeratu egingo dela, frogak egiteko modua eta epailearen iritzia ere baldintza ditzakeela hartutako hautuak. Eta hori guztia gutxi balitz bezala, seguruenik birritan pentsatuko du badakielako itzultzaileen bitartez ez dizkiotela hizkuntza eskubideak bermatzen.
Estatu espainolean justizia administrazio bakarra izateak ez du egoera konpontzen laguntzen. Benetako ofizialtasuna aitortzen ez den bitartean, ez dago konponbiderik. Eta, jakina, aldaketa bultzatzeko herritarren lana ezinbestekoa da. -