GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-08-23
Ane MUÑOZ | Zinemagilea. «Loturak» film laburraren egilea
«Galtzaile baten historia kontatzen du errodatu dudan film laburrak»
Literatura eta zinema galtzaile handien istorioez beterik daude. Dirua edo izena ezagutu ondoren erori diren galtzaileak dira horiek. Ane Muñozek, ordea, gure artean ohikoagoak diren galtzaile txiki bat aukeratu du laugarren film laburra egiteko. Jokoaren bidez familia eta lagunak galdu dituen gizasemea da protagonista. «Loturak» filmaren errodatzea amaitu berritan mintzatu gara berarekin.

Donostian jaio zen orain 39 urte Ane Muñoz, “Basurdea”, “El pan de cada día” edo “El salto de Beamon” film laburren egilea, baina urte gutxi zituela gurasoak Oñatira aldatu ziren lanagatik, eta han Patxika izeneko emakume baserritar bat izan zuten umezain. Oraindik ere asko maite duen emakume horren inguruan hasi zen istorioa albaintzen, nahiz eta behin betiko gidoian Patxika bigarren planoan geratu den Pello protagonistaren mesedetan. Pelloren pertsonaia Anartz Zuazuak egin du eta Patxikarena, Ane Aseginolazak. Fermin Muguruzarena da beste behin ere soinu banda.

­Zer kontatzen du «Loturak» film laburrak?

Jokoarekin itsututa bizi den gizaseme baten istorioa kontatzen du. Galtzaile bat da, baina ez du etsitzen. Galdu duena hurrengo apustuaren bidez berreskuratuko duela uste du. Galtzailea da jokoan, eta bizitzan ere galtzailea dela sumatuko dugu segituan, familia eta lagunak galtzera iritsiko delako. Jokoa diodanean, ez naiz kasinoaz ari. Pilotan edo tokan jokatzen ditu jokatu beharrekoak. Hasieran, bere gauzak jokatzen ditu, baina denborarekin bereak ez direnak ere jokatzen hasiko da. Galdutakoak ezin direla berreskuratu. Hori da Pellok ikasi nahi ez duena eta filmak erakutsi nahi duena.

­Zein izan zen film laburrerako izan zenuen lehen ideia?

Ume ginela Oñatira joan ginen, aitari han lan bat sortu zitzaiolako, eta Patxika izeneko emakume bat izan genuen zaintzen. Baserriko emakume mardul bat zen eta da, oraindik ere bizi baita. Deitu egin beharko diot pertsonaia bat sortzeko erabili dudala esateko. Nik ezagutu nuen Patxika hori gaur egun baserri batean nola biziko zen irudikatzen hasi nintzen, baina bere iloba jokozaleak itzal egin dio eta bigarren planoan geratu da. Anartz Zuazua da nire hiru filmetako aktorea, eta bere neurrira idatzi dut azkenean gidoia. Izeba horren zenbait ondasun ere jokatzera iritsiko da protagonista, Pello. Izeba Patxikaren anaia ere. Badago hor apustuzalearen transmisio bat. Azken eszenan izeba bera izango da Pellori belarrondoko bat emango diona eta behin galdutakoa ezin dela berreskuratu errepikatzen dio. Hori da filmaren ideia nagusia ere, bizitzan behin galdu duzuna ezin dezakezula berreskura. Hori da nik bizitzaz dudan iritzi bat eta gidoia nik idatzia denez, horrela agertu nahi izan dut.

­Galdutako harremanak ezin direla berreskuratu esan nahi al duzu?

Harreman horiek beste modu batera berreskura daitezke, baina ez dira inoiz lehengoak izango. Bikote bat banandu eta berriro elkartzen bada, ez dute lehengo harremana edo lotura izango, beste bat baizik. Nik gidoia oso irekia nuen. Ez nuen garbi nola bukatu behar nuen. Nire azken filmetako aktorea Anartz Zuazua da, eta bera eta Ane Aseginolaza dira bi aktore nagusiak.

­Komedia bat da, baina euskal gizarteaz ari zarela ematen du.

Ez dut gizarte horren argazki bat egin nahi izan. Pixka bat puztu eta handitu egiten dut. Koadrila, familia, hiria eta baserria eta beste hainbat lotura agertzen dira, betiere egoera dibertigarrien bidez. Kasu honetan gizonezkoak agertzen dira nagusiki, baina hurrengo batean elkarrekin paseatzera joaten diren lau emakume hartu eta horiekin egingo dut beste film bat.

­Non egin duzue filmaketa?

Hamar egunetan filmatu dugu Hondarribian bertan, nik ondo ezagutzen dudan giroan. Soldadu Enea baserria erabili da baserri giroko eszenak filmatzeko. Baserri zoragarria da, Jaizkibel azpian. Han gizon bat bizi da, Joxe, bakar-bakarrik eta oso pasadizo polita gertatu zitzaigun. 70 urte inguru izango ditu eta mutilzaharra da. Patxikaren pertsonaia Ane Aseginolazak egin du, bikoizketa lanetan aktore baino ezagunagoa denak. Ez dut esango Joxe Patxikarekin maitemindu denik, baina halako harreman polit bat sortu zen bien artean, eta azken egunean, agurtzeko ordua iritsi zelarik, sekulako besarkadak eman zizkion Patxikari. Joxek ez zuen Ane ikusi, Patxika baizik, erabat makillaturik joaten baitzen baserrira. Horrek frogatu zigun pertsonaia erabat sinesgarria zela.

­Noiz izango da estreinaldia?

Zinemaldiko aldizkarian egiten dut eta larri ibiliko naiz aurten bukatzeko. Datorren urtean estreinatu beharko dugu. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Los pasaitarras serán enterrados en Lugo
Euskal Herria
Juicio hoy al edil del PP de Laudio por el incendio en las txosnas
Euskal Herria
Vera ya tiene el tercer grado y quedará libre bajo control telefónico
Ekonomia
Aumentan los vaticinios de que los tipos subirán hasta el 3,5%
Mundua
Se estrella un avión ruso con 169 personas a bordo tras ser alcanzado por un rayo
Kirolak
Se frustró el sueño cuando comenzaba a tocarse con los dedos
Mundua
Irán se declara abierto al diálogo pero sin aceptar condiciones previas
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss