GDF-Suezen bat-egitea baztertu dute oraingoz
PARIS
Oraingoz, behintzat, Parisko Gobernuak ez du ezohiko helegite konstituzionala erabiliko, konfiantzazko mozioa alegia, energiaren gaineko lege egitasmoa ezartzeko. Hain zuzen, hark Suez eta Gaz de France konpainiek bat egitea ahalbidetuko luke.
Patrick Ollier Batzar Nazionaleko Gai Ekonomikoetako Batzordeko lehendakariak proposatu zuen gai horren gaineko eztabaida parlamentarioa eteteko Konstituzioaren 49.3 artikulua ezartzea, horrela, testua indarrean jarri ahal izango zuten bozketarik egin gabe. Ollierrek aukera hori ez dutela aztertu jakinarazi zuen geroago, bai eta irail bukaera arte itxaron beharko dela ere; hain justu, Asanblea Nazionalean eztabaida bukatu eta lege egitasmoko bozketa egin arte.
Komunistek 30.000 zuzenketa egin dizkiote testuari, eta pentsatzen da sozialistek ere beste horrenbeste egingo dituztela. Hori dela-eta, seguruenik parlamentuko eztabaida luzatu egingo da.
|