LAB sindikatuak esan du ez duela «inor manipulatzen» ACBko hitzarmenean
·Sestaoko enpresako langileei deitutako mobilizazio eta lanuzteetan parte hartzeko deia egin die
SESTAO
Sestaoko ACB enpresako hitzarmena dela-eta CCOOk LABen gainean esandakoari erantzunez sindikatu abertzaleak ez diola inori «ziria sartzen ezta inor manipulatzen ere» esan du. Era berean, langileei deitutako mobilizazio eta lanuzteetan parte hartzeko eskatu die berriz ere.
CCOOk LABen gainean esan zuen bere egitekoak utzi dituela eta negoziatzeko gaitasunik ez duela. Sindikatu abertzaleak beti negoziatzeko prest egon dela azaldu du, baina negoziatzeko borondate hori ez dela nahasi behar «atzeragarriak diren hitzarmenak edonola sinatzearekin».
«Edukia duten hitzarmenak sinatzeko unean, LAB beti egon da hor, egunero ehunka enpresatan egin duen moduan. Adibidez, Lesakako Arcelorren hitzarmena sinatu zuten, eta, besteren artean, lan konpromisoa lortu zen», azaldu du.
Horiek hala, CCOOk ACBko lan hitzarmena gutxiengo izanik sinatzea eta, gainera, «gutxiago nabaritzeko» abuztuan egin izatea salatu du. Azkenik, LABek adierazi du ACBko zuzendaritza, UGT eta CCOO lantokian egindako batzarrekin «horren urduri jartzeak» agerian uzten duela CCOOk eta UGTk «enpresaren lan zikina» egiten dutela eta «langileek oraindik ezarritako hitzarmena aldatzeko borroka dezaketela».
|