BILBO
2007ko udal eta foru hauteskundeetara Aralarrekin koalizioan joatea espero duela adierazi zuen atzo Javier Madrazo EBko koordinatzaile nagusiak eta, horrela izateko, «esfortzu handiak» egingo dituztela ziurtatu zuen. Patxi Zabaleta Aralarreko buruak ere koalizioaren alde egin zuen eta alderdi horren helburuetako bat dela nabarmendu zuen.Bi agintariak batera agertu ziren atzo komunikabideen aurrean, Bilboko EBko egoitzan bi buruen artean bilera egin ost-ean. Azken hilabeteetan alderdi politikoak binaka egiten ari diren bilkuren barnean kokatu zuten atzoko bilera eta koalizioaren gaia ere mahai gainean jarri zutela onartu zuten.
Kazetarien galderei erantzunez, «ikertzeko aldia» amaitutzat eman zuten eta irailean «definitzeko fasea» hasiko dutela azaldu zuten. «Bi alderdien borontateak aztertu ditugu lehenengo ikertzeko aldi batean. Irailean, baina, lan zehatzagoari ekingo diogu», agertu zuen Madrazok. Hala ere, oraindik akordiorik ez dagoela argi agertu nahi izan zuen. «Orain daukaguna koalizio horren hipotesia da, besterik ez. Akordioa ontzat emateko goizegi da oraindik», zehaztu zuen.
Aralarretik, berriz, koalizioa osatzeko borondate handiagoa erakutsi zuen Patxi Zabaletak. Izan ere, hura osatzeko lanean jarraitzeko «sinesmena» ez ezik «agindua» ere badaukatela adierazi baitzuen. «EBrekin irekita daukagun eztabaida honek gure helburuetako bat izan behar du», nabarmendu zuen. Koalizioa osatzeko edozein proposamen ontzat emateko Hegoaldeko asanbladak onartu behar duela ere azaldu zuen Aralarreko koordinatzaile nagusiak.
Bestalde, koalizioa osatzeko zergatia azaltzerakoan «apustu estrategikoa» dela azaldu zuen EBko buru Javier Madrazok. «Ez da hautu berria, EB sortu zenetik Euskadin ezkerraren pentsamoldeen arteko batasuna bultzatzeko apustua egin baitugu», adierazi zuen. Hortaz, Aralarrekin akordioa ixteak «euskal aurrerakoien artean ilusio handia» sorraraziko lukeela nabarmendu zuen. Alde horretatik, akordioa lortzea espero duela gaineratu zuen.
Aralarren interes ideologikoa
Patxi Zabaletak, berriz, «interes ideologikoa» argudiatu zuen EBrekin koalizioa osatzeko. «Gure helburua ezker eraldatzaile eta eraginkorra osatzea da, herritarrek egunerokotasunean dauzkaten ohiko arazoez arduratuko den ezkerra, hain zuzen», ziurtatu zuen.
Testuinguru horretan, zera gaineratu zuen Aralarreko koordinatzaile nagusiak: «Beste aukera politikoen errespetutik eta aitorpenetik, proiektu ezberdinak dituen Batasuna kasu, bere eboluzioa edo hartu ahal dituen erabakiak albo batera utzita, EBrekin irekita dagoen prozesuak gure esfortzuetako bat izan behar du». EBk plazaratu dituen argudioak «bitxiak» direla
esan du Urkulluk
EBko agintariek Aralarrekin koalizioa osatzeko emandako argudioen artean «ezker eraldatzaileak eskuinaren arriskuen aurrean dituen erronkak» aipatu dituzte eta adierazpen horiek bitxiak direla ziurtatu du Iñigo Urkullu EAJko EBBko bozeramaileak. Radio Euskadin gogora ekarri zuenez, Lakuako Gobernuan «politika sozialarekin lotutako ardurak» ditu. Hala ere, EB eta Aralarren arteko lanak desadostasunik ez duela sorraraziko agertu zuen Urkulluk. -