BUNUZE
Nafarroa Behereko herri horretan antolatzen duten egun horretarako hasieran finkatu zuten xedea bete dela uste dute Inxausetako elkarrizketetako antolatzaileek. Hau da, desertifikazioak gogorki jotako ingu- ruan biztanleria gizarteko eta kulturako aktore dinamizatzaile bilakatzea. Izan ere, ez da antolatzaileen iritzia soilik, urtero ministro ohiak eta Estatuko gidari politikoak elkartzen dituen eztabaida egun horrek oihartzun handia lortu du Parisen.
Marie-Noëlle Lienneman sozialista eta UMPko Marc-Philippe Dubresse Etxebizitza ministro ohiak etorriko dira Bunuzera, eta haiekin UMPko Pierre-Andre Perissol ere izanen da, kargu bera izandakoa. Etxebizitzaren inguruan, Alderdi Komunistako Bernard Bisinger-ek zeresana izanen du, Asanblea Nazionaleko presidenteorde UDFko Maurice Leroyk bezala.
Arratsaldeko ordu bi eta erdietan hasiko den eztabaidan politikari horiek hainbat elkartek eta sindikatuk eginiko galderei erantzun beharko diete. Eztabaida horri esker, hurbil dauden hauteskunde presidentzialetarako bakoitzak proposatzen duena jakin ahal izanen da.
Seietatik aurrera gazteen etxebizitzarako eskubidearen gaia jorratuko du Euskal Herriko jendeak Cyril Poy kazetariaren gidaritzapean. Euskal Herriko eta departamenduko hainbat erakunde publikotako arduradunekin batera elkarteak ere izanen dira bertan.
Kulturak ere txokoa izanen du Beñat Achiaryk, Jean Schartz-ek eta Michel Etxekoparrek emanen baitute kontzertua, beste batzuen artean.