- Idi-probak
Desafio berezia izango da Gatikan
DONOSTIA
Sekulako jendetza batuko duen desafioa jokatuko dute astelehenean Gatikako probalekuan. Bertan, Laskiren eta Txertudiren idiak izango dira aurrez aurre, bertako lehiaketako harriarekin.
Berezitasuna itzainetan egongo da. Biko bakoitzak etxeko gizon bat eta andre bat eramango baititu itzain. Horrelakoak ez dira askotan ikusten, eta horrek berak ematen dio pizgarria jendea joateko. Desafioek beti izaten dute zerbait berezia zaleentzat, eta horrelako baldintzak izanda oraindik eta gehiago. Horregatik, astelehenean 21.00etan Gatikan jokatuko duten desafioa ikusteko plaza gainezka izango da.
Probak gustuko dituztenek, ordea, ez dituzte idienak bakarrik izango, bai zaldi-mandoenak, baita astoenak ere izango baitira datorren asteburu honetan.
Zaldi-mandoetan, Gizaburuagan izango dira, eta aurten egun bakar batez jokatuko dituzte. Etzi izango dira, 17.00etan, eta hiru aberek hartuko dute parte. Lauzirikaren, Beaskoaren eta Kobaren abereak izango dira manten bila borrokan arituko direnak Gizaburuagan.
Astoetan, berriz, bihar eta astelehenean izango dira Mallabian dagoen Zengotita auzoko probak. Bihar, 17.30ean hasita, Artabeitxiren, Kobaren eta Egurrolaren astoak izango dira ordu erdi harriari tiraka aritzeko prest.
Bigarren eta azkeneko ekinaldia, berriz, astelehenean jokatuko dute 19.00etatik aurrera. Bertan, Esparruren, Satsibarren, Agorrixaren eta Zelaiaren astoak arituko dira aurrekoen markak gainditzeko asmotan.
|