GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-09-03
Joxean AGIRRE
Jesus eta Maria Madalena bertsotan
Hamarreko txikiko gaiekin luzitu ziren gehien herenegun Zarautzen jokatu zen Lizardi sariko finalistak. Oier Aizpurua Jesus izan zen eta Unai Muñoa Maria madalena. Hark, ordea, ikastolan erlijioaren ordez etika eman duelako-edo, maria madalena ama birjinarekin nahastu zuen.

Ander Lizarraldek eraman zuen herenegun Zarautzen jokatu zen Lizardi sariko txapela, eta bigarren Agin Rezola geratu zen. Unai Muñoak ere aukera handiak izan zituen, bertsotan oso erraz eta egoki egiten duen mutila baita. Laprasteko batzuk egin zituen, ordea. Hamarreko txikiko bertsoaldiak izan ziren finaleko ederrenak. Gaiak ere izugarri originalak eta politak jarri zizkieten. «Zuek bi kubatar ezagun zarete:zu, Xumei, Fidel izango zara eta zu, Agin, Raul Castro», egokitu zitzaion lehen bikoteari. «Bizitzan ez dut izan nahi beste suerte/ honaino iristea ez da izan merke/baina esaten dena, ai! onena ote?/ nere azken arnasa hau bera daiteke/ beraz, nere lekua ahal bezala bete», hasi zen herenegun bere eguna izan ez zuen Xumei Murua. «Ez Kuban sinesten dut, bakarrik zuregan/ denbora motz honetan hori det antzeman/eta heriok ezin zaitu zu atzeman/ segi zazu bizirik, segi zazu teman/munduai plazer hori ez zaiozu eman», erantzun zion Aginek eta maila horri eutsiz biribildu zuten bertsoaldia.

Unai Muñoa eta Oier Aizpurua hurbildu ziren ondoren mikrofonora. «Zuek ere bi personaia ezagun izango zarete: Oier Jesus izango da eta Unai Maria Madalena», agindu zien gai-jartzaileak. «Mila misterio dira gugan ikusiak/ ez zu ta ez ni ez gara bate itsusiak/zure ondoan banago, nolako antsiak/zure musu goxo ta laztandu bitxiak/faltan botatzen ditut zure igurtziak», hasi zen Muñoa txukun asko. «Urte luzetan zehar ezkutuan zena/ iritsi da kontatzen hasteko orena/ zenbat musu ta laztan mahaian barrena/zerorri izan ziren ene Madalena/ azken afari hartako postrerik onena», bertso politarekin erantzun zion Oierrek eta ondoren hasi zen endredo teologikoa. «Zuri egiten dizu halako demanda/baina iritsi zaigu hitzeiteko txanda/ guk pasa behar degu historian landa/ denekin ahoz aho a zer propaganda/zu eduki zintudan birjina izanda», bota zuen Muñoak eta nahasketak algara batzuk sorrarazi zituen jendearen artean. “Da Vinciren kodigoa” irakurritakoa da beharbada Unai Muñoa, eta ez zebilen erabat oker, teoria horren arabera, Jesusek eta Maria Madalenak haur bat izan baitzuten. Nahasketa egina zegoen, ordea, eta kosta egin zitzaien bertsoaldia biribiltzea bi bertsolariei, nahiz eta Oierren hirugarrena polita izan zen:«Guruhiltzatze harek emandako mina/munduak oraindik du asetu ezina/berriro egingo det nere ahalegina/mundua ez izateko horren ezjakina/gugan sinestea da pekatu handina», esan zuen. Ander Lizarralde txapeldunak eta Iban Urdangarinek egin zuten, dena den, bertsoaldirik politena. «Bi txirrindulari zarete. Ander Pereiro eta Iban Landys. Tourra bukatu zen, baina Landysek positiboa eman zuen. Ondorioz txapeldun titulua galdu egin du. Ez dute, ordea, adierazi Pereiro txapeldun denik», agindu zuen gai-jartzaileak. Ander Lizarralde hasi zen: «Tranpak emana dizu hainbeste etekin/ hainbeste etekin/ondo ipini zera goraino behinipin/ zuk zer ez duzun hartu nahiko nuke jakin/goraka igoko nintzan ni zu bezain arin/zikinduta daukazun odol beltz horrekin (bis)». Ondo erantzun zion Ibanek:«Hamabost kilo doping hartu nitun aurrez/hartu nitun aurrez/aurten Tourra gurea diagu esanez/prueba egin eta ez nenbilen legez/ nik mailota hori det eta zuk berriz beltz/nik ez det irabazi, baina zuk ere ez (bis)».

Anderren bigarrena bikaina izan zen. «Irtendakoan soilik genuen motela/genuen motela/segitun hartzen zuen ziztua itzela/jendiak esaten zuk Landys joan dela/ malda igotzen zuen akerrak bezala/nik behintzat esango nun ataundarra dela (bis)», bota zuen. «Aupa, rubio, aupa, jendea oihuka/jendea oihuka/ tropela atzean utziz, ezin dizut uka/ orain zu inbiritan nolako disputa/fotografi mordo bat lehoia hartuta/behin egin nuen eta ezin da izkuta (bis)», jarraitu zuen ataundarrak. Eta hona Ander Lizarralderen erantzuna:«Lehen kilometroan hasiz abentura/hasiz abentura/lehen eskapo joan, hori duk ohitura/urrundik egin nion galdera ta duda/nola ibiltzen zera hain ondo, gustura/ bai zera! lehen hartu det Lurdeseko ura (bis)».

Neurri honetatik kanpo ere izan zen bertso txukunik. Zortziko txikian Muñoa ondo moldatu zen, puntuari erantzuten Agin Rezola eta kartzelakoan Ander Lizarralde. Gaia «Mahaia» izan zuten eta gehienek bake prozesuari heldu zioten. Iban izan zen salbuespena. Hona Anderren bertsoak:«Nahi duen harek sekula santan ez du borondate txarrik/ orain artean beste aldera begira daude alferrik/ baina saiatu ezean inoiz ez da egiten okerrik/bizitu dugun hau ez dulako bizitu hainbeste herrik/azpi jokoan betikoak eta ez zaigu falta ankerrik/baina mahai bat ezin da eutsi bi hankarekin bakarrik», hasi zen txapelduna eta tamaina horretan jarraitu zuen.

Basarri bertso-paper saria Xabier Etxeberriak irabazi zuen “Uda giroan” sortarekin eta bigarren saria Mikel Arrillagak “Merkadilloa” sortarekin. Biek kantatu zituzten ale batzuk. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Un menor fallece en el Gorbea por el impacto de una piedra
Jendartea
Bikote arazoak ez dira oporretan konpontzen
Euskal Herria
Cara a cara (o casi) entre Arzalluz y Garaikoetxea a los veinte años de la escisión del PNV
Kirolak
Josune Bereziartu recibe el premio Arco Rock Legend
Euskal Herria
Inicio de los juicios a más de cien detenidos en redadas «preventivas»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss