GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-09-03
Imaz, presoak «laster» hurbil ditzaketelakoan
«Gauzek oraingo erritmoari eusten badiete», kartzela politikan epe laburrean mugimenduak ikusiko direlako uste osoa agertu du EBBko agintari nagusiak. Presoen hurbiltzea eskatzen jarraituko dutela azalduta, auzi horri buruz Batasunak egin dizkien kritikei erantzun die Imazek. Dena den, EAJ ez dator bat presoak eragile aktibo direla aldarrikatzean.

BILBO

Euskal preso politikoak aberriratu bidean «laster» urratsik izango delako uste osoa agertu zuen atzo Josu Jon Imazek, eta elementu horrek bake prozesuak aurrera egiten lagunduko lukeela ere iritzi zion.

EBBko buru jeltzaleak Europa Pressi eskainitako elkarrizketan egin zituen adierazpenok. Solasaldian, gainera, «gauzek egungo erritmoari eutsiz gero», kartzela politikan urratsak emango direla-eta ziurtasunez mintzo zen agintaria: «Mugimendu horiek oso luzea ez den denbora tarte batean ikusi beharko genituzkeela eta ikus ditzakegula uste dut. Oso positiboa litzateke, eta EAJk horixe exijituko du», adierazi zuen.

Nolanahi ere, presoen auzia Batasunaren aurkako kritika sorta egiteko ere baliatu zuen atzo Imazek. Hain zuzen ere, presoak eragile politiko direla aldarrikatzea eta «biktimei» izaera hori bera ukatzea «zentzugabekeria» dela ohartarazi zion alderdi independentistari.

«Jarrera alderdikoiak»

Agintari jeltzalearen esanetan, EAJk beti agertu izan du giza-eskubideen defentsarako jarrera argia, eta horri tinko eutsiko diola berretsi zuen segidan. Izan ere, iragan asteazkenean Batasuneko kide Jone Goirizelaiak zenbait eledun jeltzaleren «hipokresia» gaitzetsi zuen, EAJk urteotan preso politikoen egoera alda dadin ezer ez duela egin nabarmenduta.

Hori hala, Imazek kritika horiei erantzun nahi izan zien atzo, Batasunak «alderdikeriaz» jokatzen duelakoan.

Besteren artean, EAJk presoen hurbiltzea eskatu duela eta aurrerantzean ere hala jarraituko duela esan zuen Imazek: «Hori egiten jarraituko dugu, Batasuneko zenbait agintari mintzen direla dirudien arren; eta hori erabat ulertezina iruditzen zait. Inork ez digu pertsonen edozein erako eskubideen aldarrikapena geldiaraziko, auzi hauen inguruan zenbaitek izan dezaketen erreakzio alderdikoiez aparte».

«Presoak hurbiltzea aldarrikatzen dugun bakoitzean protesta egiten du Batasunak. Horri alderdikeria sutsua deritzot, eskubide mota zehatz batzuk eurek bakarrik aldarrikatu ahalko balituzte moduan», salatu zuen. Arlo horretan, gainera, EPPKren egoera aldatu bidean Batasunak eragileei eskatutako urrats zehatzei dagokienean, Imazek nabarmendu zuen EAJk auzi horren gainean eman dituen urratsak beti izan direla «zehatzak»; dena den, Batasunak «zehatzak dioenean presoei bake prozesuan eragile aktibo gisako» kalifikazio zehatza emateaz baldin badabil, EAJk ez duela horrekin bat egingo ere argitu zuen.

«Koherentzia apur bat»

«Halakorik ez dugu onartuko. EAJren arau demokratiko bat da, inoiz hautsiko ez duena. Halako planteamenduak ez ditugu inoiz gure egingo», adierazi zuen. Hain zuzen ere, EBBko agintariaren aburuz alderdiak baitira prozesuan protagonismorik izan dezaketen eragile politiko bakarrak.

Hori dela-eta, beraz, zera gaineratu zuen Josu Jon Imazek: «Zer gertatzen da orain, biktimek ezin dutela rol politikorik izan prozesuan eta presoek eduki behar dutela? Zer zentzugabekeria da hori? Nik uste dut koherentzia apur bat izan behar dela bizitza honetan».

Ildo beretik, zera ere nabarmendu nahi izan zuen gero: «Ez dut nahi biktima baten papera bere aurkako atentatua egin ahal izanagatik zigorra betetzen ari den pertsona batenarenarekin parekatzerik». Hala, prozesuan «biktimei» rol hori ukatu eta ETAko presoentzako ezin dela aldarrikatu berretsi zuen.

Bestetik, PSOEren Gobernua euskal preso politikoak Euskal Herrian abian den prozesua baldintzatzeko erabiltzen ari ote den ere itaun zioten atzoko elkarrizketan, Batasunak ere «xantaia» egitea egotzi baitzion aurrekoan Exekutibo espainolari. EBBko agintariak, nolanahi ere, horren berririk ez duela azaldu zuen.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Un menor fallece en el Gorbea por el impacto de una piedra
Jendartea
Bikote arazoak ez dira oporretan konpontzen
Euskal Herria
Cara a cara (o casi) entre Arzalluz y Garaikoetxea a los veinte años de la escisión del PNV
Kirolak
Josune Bereziartu recibe el premio Arco Rock Legend
Euskal Herria
Inicio de los juicios a más de cien detenidos en redadas «preventivas»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss