GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-09-03
Klima aldaketa eta ura
Klima aldaketara egokitzeko alternatiben bila ari da Laborantza Ganbera
Udan gradu bat gehiago, eta neguko tenperatura apalenetan 1,3 gradu gehiago. Hori da azken hamar urteotan Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan klimak izandako aldaketa. Egoera horrek ur kopuruan izanen dituen ondorioak kontuan hartu nahian Laborantza Ganberak gai horri buruzko gogoeta sakon bat abiatzea erabaki du. Nekazaritza naturarekin bat egitera behartua dagoen jarduera izaki, ezinbestekoa zaie laborantza klimak ekarriko dituen aldaketetara egokitzea. Horretarako, hainbat esperientzia abian jarri ditu Laborantza Ganberak, eta atzo foro bat antolatu zuen.

AINHIZE-MONJELOSE

«Klima berotzea, ur baliabideak eta laborantza»: elkarri lotuak diren hiru gai nagusi horiek Laborantza Ganberaren egungo erronka nagusietako bat bilakatu dira.

Nekazaritza iraunkorra sustatzeko sortu zen egitura hori duela hiru urte, eta, ildo horri aurre eginez, ezinbestekoa iruditu zaie ura eta klimaren arloan lan sakona bultzatzea.

«Luzerako gaia da. Laborantzan, berez, naturaren elementuekin lan egiten da; beraz, horren arabera hautuak egin behar direla iruditzen zaigu», nabarmendu zuen Mixel Berhokohirigoin egiturako arduradunak.

Laborantza Ganberaren arabera, izan ere, Nafarroa Beherean eta Zuberoan gai horren inguruan ikerlariek dituzten perspektibak «kezkagarriak» dira.

Allande Errezarretek, uraren gaian adituak eta Laborantza Ganberako langileak, datu zehatzak aurreratu zituen egoeraren berri emateko.

«Estatu frantseseko zenbakiak ditut nagusiki, eta, horien arabera, klima aldaketaren ondorioz eskualde ukituena Ipar EuskalHerria da». Betiere datuak kontuan harturik, azken hamarkadan, udan tenperaturak gradu batez igo dira, eta neguko tenperatura apalenak ere 1,3 graduz emendatu dira.

«Horrela jarraitzen badu, Irulegiko arnoa Frantzia Iparraldean egin beharko da», esan zuen umorez. Baina, honela jarraitu zuen: «Badakigu gerora tenperatura horiek gora eginen dutela, baina, ez dakigu zer heinetan izango den».

Bestalde, euriaren bidez heldu den ur mailari dagokionez, berrogeita hamar urteren buruan udan euri kopuruak %20 eta %30 artean behera eginen duela aurreikusia dago.

«Berrogeita hamar urte gutxi da. Eta, gaur egun laborantzan sartzen diren gazteek egoera aldaketa hori pairatuko dute», nabarmendu zuen Mixel Berokohirigoinek, bere aldetik. Aurreikuste horiek kontuan harturik, Laborantza Ganberako arduradunentzat eta laborarientzat egun dauden urtatze usaiak aldatuz irtenbide bat lortzea ezinbestekoa da.

Horrenbestez, Nafarroa Beherean, nagusiki gehien ekoizten den artoak, esaterako, ur askoren beharra eskatzen duenez, klimak ekarriko dituen aldaketa horiek ezegokiak direla esan zuten.

Horretan ere, kantonamenduka datuak zabaldu zituzten bi hizlariek: Donapaleun 1.915 hektarea arto urtatuak dira, Bidaxunen beste 459, Maulen 208, eta Donibane Garazin 83 hektarea.

Orotara, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, 2.709 hektarea arto landatuak dira urtean, beraz. Horrez gain, Errezarretek argitu zuenez, urtero metro kubikoko hiru milioi eta erdi ur baliatzen dira arto hori ureztatzeko. «Urtebeteko Ipar EuskalHerriko biztanleriaren ur kontsumoa da zenbaki hori», adierazi zuen adituak.

Kalte ekonomikoak

Ura aintzira, napa freatiko eta ibaietatik hartzen denez, azken urteotan ibaietako mailak behera egin duela gogora ekarri zuen Errezarretek. Bildoze adibidetzat hartuz, duela hogeita hamar urteko egoerarekin konparatuz, udan ur kopurua bi aldiz txikiagoa zela argitu zuen.

«Alta, artoarekin urtatuak diren lur eremuak %1,8 baizik ez dira. Eta, Ipar EuskalHerri osoko lurraldea harturik irrigatzen duten etxaldeak %5,2 dira», argitu zuen artoak baliatzen duen ur kopurua nabarmentzeko.

Azken hamarkadetan laborariak klima aldaketa hori nabaritzen hasi zirela esan zuen, bere aldetik, Berhokohirigoinek.

«Perspektiba kezkagarriak dira. Sistema intentsiboarekin jarraitzen bada laborarien baitan konfliktoa sortuko da, baita gizartean ere», eman zuen aditzera.

Eta, «kontestu politikoak» gaur egun laborantza mota hori sustatzen eta laguntzen bazuen ere, laborarientzat egoera «jasanezin» bilakatzen ahal zela jarraitu zuen esaten.

«Hamabost eguneko idortea izanez gero, jadanik, tentsioa sortzen zaio nekazariari galtze ekonomikoak ukateko arriskua duelako», gaineratu zuen.

Idorte garai bat dagoelarik nekazaritza hondamendia izateagatik diru laguntzak ematen zirela gogorarazi zuen. «Baina, idorteak urtero izaten badira, egoera normaltzat hartua izanen da, eta eskualdea ez da gehiago hondamendi zonalde batean sartua izanen. Kalte ekonomikoak askoz handiagoak izango dira laborarientzat», nabarmendu zuen Berhokohirigoinek.

Horiek horrela, gizonaren jarduera intentsiboarekin edo naturaren bilakaerarekin bat egiten duen aktibitateen artean hautu bat egitea ezinbestekoa dela uste du Laborantza Ganberak.

Allande Errezarretek artoaren urtatzeak uraren kalitatean ere ondorio latzak zituela esan zuen jarraian. Aturri lur eremuan, esate baterako, laborantzaren jarduera intentsiboagatik uraren %80 kutsatua zegoela nabarmendu zuen.

Hala, etorkizun hori kontuan harturik, Laborantza Ganberak gai horren inguruan gogoeta sakona egitea erabaki du.

«Gai hori jorratzearen ideia ez da gaurkoa. Datu horiek guztiak ba- genituen Paueko Laborantza Ganberan ginelarik, eta behin eta berriz mahai gainean jarri ditugu politika aldaketa bat izan behar zela errateko», gogorarazi zuen Berhokohirigoinek.

Beraz, Ainhize Monjelosen Laborantza Ganbera finkatu denetik, ura eta klimaren aldaketa sakonki ikertzea erabaki dute. Horretarako, martxan jarri dituzten beste hainbat ekimenen artean, atzo “Klima berotze, ur baliabide eta laborantza: erlazioak eta adaptazio perspektibak” gaiaren inguruan foro bat antolatu zuten.

Alternatibak bilatzea

Hainbat eskualdetako adituak bildu ziren foroan, eta klimaren aldaketa horietara laborantza egokitzeko zabaltzen ari diren bide berriak aztertzea zuten helburua.

«Arazoa ez da esatea artoa txarra dela. Baina, argi da kultura bakarra sustatzea txarra dela, eta horri alternatibak bilatu behar zaizkiola. Beste eskualde batzuetan idortea aspalditik pairatzen dute, foroa lagungarri zaigu bertan zer egin duten ikusteko. Horrek ez du erran nahi gure eskualdearentzat esperientzia horiek egokiak direnik», esan zuten azkenik Berhokohirigoinek.

Ur gutxiago behar duten kulturak bilatu, kultur teknika berriak begiratu, eta ahal bezainbat laborari kontuan hartuz aldaketak nola egiten ahal diren aztertu nahi dituzte, besteak beste, Laborantza Ganberakoek.



Donapaleuko ibaiaren %96 plagizidekin kutsatua

AINHIZE-MONJELOSE

Europan berrikitan kaleratu diren aginduen artean, 2015 urteari begira, ur unitate guztiak kalitate onekoak izan behar direla azaldu dute. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ibaietako urak, Allande Errezarret Laborantza Ganberako ur teknikariaren esanetan, ez daude «maila horretan».

Donapaleutik pasatzen den Bidouze errekaren adibidea eman zuen Ipar EuskalHerriko erreken kutsaduraren heina azaltzeko. Arto landen ondorioz baliatuak diren plagizida edo pestizidak, erreka %96 kutsatu zutela agertu zen 2003 eta 2004 urteetan eginak izan ziren analisietan. «Plangintza maila oso gora doa edan daitekeen uraren gainean ere. Azken analisietan kutsadura %100koa dela agertzen da edan daitekeen uraren gaineko azterketetan. Kutsadura horrek laborariak ukitzen ditu gehien», esan zuen. Arto urtatzea egiten den zonaldeetan, berriz, hau da, Donapaleu eta bereziki Bidaxune aldean, edan daitekeen ura azkar kutsatzen zela gaineratu zuen.



Kultura berrietarako esperientziak abian

AINHIZE-MONJELOSE

Laborantza osoki naturari lotua dagoen jarduera arloa denez, Laborantza Ganberak nekazaritza sistema klimatiko berrira egokitzeko esperientzia berriak abiatzea erabaki du.

Ekintza horien xedea Ipar Euskal Herriarentzat ur gutxiago behar duten kul-tura berriak aztertzea da.

Bi esperientzia mota abian jarri ditu, beraz, Laborantza Ganberak. Alde batetik, bio erregailuen inguruan lan sakona egiten hasiak dira. Eta, horiek sustatzeko, bi kultura mota ekoizteko ikerketak martxan jarri dituzte: eguzki lorea eta koltza.

«Eguzki lore eta koltzarekin esperientziak bultzatu ditugu. Eguzki lorea udako kultura da, baina ur gutxi behar du. Eta, koltzak, aldiz, ura behar du, baina neguko kultura da. Bi kultura horiekin erregailuak egiten dira», esan zuen Berhokohirigoinek. Bigarren esperientzia nagusiki artoa landatzen den guneetara zuzendua da. Izan ere, artoa landatzen den guneetan baldintza ekonomiko eta tekniko berdinekin zer motatako kultura bultzatzen ahal den aztertzen ari dira.

Hamar hektarea

Lapurdi, NafarroaBeherea eta Zuberoa eremu txikiak direnez, mendietan abeltzaintzan ari diren nekazariek duten belar beharra Donapaleu eta Bidaxune eskualdean landatzen ahal zela pentsatu dute.

«Lurralde mailan konplementaritatea bilatzea da helburua. Belarra urte osoan ekoizten da. Baina, halere, kasu horretan ere ura gutxi behar duen belar mota bat bilatu behar da», nabarmendu zuen Berhokohirigoinek.

Laborantza Biologikoa sustatzen duen Biharko Lurraren Elkartearekin, beraz, esperientzia bat abiatu dute artoa landatzen duen laborari baten lurraldean.

Orotara, hamar hektarea belar landatuak izan dira. Luzerna eta zorghoa (harto mota bat) urtatzeak garatzea ere pentsatu dute.



Laborantza sistema aldatzea
Laborantza Ganberaren arabera, gerora, aurreikusten den klimara egokitzeko egun baliatzen diren laborantza sistemak guztiz aldatu beharko dira. «Horretarako, ez zaio bakarrik laborariari kontzientzia hartzen lagundu behar. Aldaketa hori egin ahal izateko gakoak eman behar zaizkio. Benetako Laborantza Ganbera baten lana aldaketa hori egiteko laborariak laguntzea da», adierazi zuen Berhokohirigoinek. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Un menor fallece en el Gorbea por el impacto de una piedra
Jendartea
Bikote arazoak ez dira oporretan konpontzen
Euskal Herria
Cara a cara (o casi) entre Arzalluz y Garaikoetxea a los veinte ańos de la escisión del PNV
Kirolak
Josune Bereziartu recibe el premio Arco Rock Legend
Euskal Herria
Inicio de los juicios a más de cien detenidos en redadas «preventivas»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss